Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

EUSKADI-SIOUX, KULTURA

Sukal-Herria, jalgi hadi mundura!

Aste honetan Michelin izarrak banatu dira Donostian. Ez dut kalkulurik egin baina ematen du dentsitatez, gurea dela munduan kilometro kuadroko izar kopuru handien duen herria.

Gai honi lotuta Markos Zapiain-i entzun izan diot izena aldatu behar geniola gure herriari. Euskal Herria deitu beharrean Sukal Herria deitu behar geniokeela dio gure “filosofo kontenplalariak“. Eta ez du arrazoirik falta. Azken urteotan euskal identitatearen ikur eta enbaxadore bihurtu bait dira Arzak, Subijana, Argiñano eta enparauak.

Nolanahi ere, Markosek beste gogoeta bat ere egiten du gai honi buruz. Bere beldurra da ea ez garen kanpoko irudi mutu bat ematen ariko, non eta bere hizkuntza propioa duen herrian. Berarentzat sukaldaritza edo Chillidaren eskultura bultzatzea ondo dago baina, zer egiten dugu adibidez gure idazleekin? Zelan bultzatu kanpoan gure hizkuntzaren presentzia? Zer egiten dugu gure dantzariekin, abeslariekin, orkestrekin,…? Zelan bultzatu gure adierazpen kultural propioak?

Ematen du horretarako Etxepare Institutua sortu dugula. Baina gauzak oso motel doaz,… eta mundua ziztu bizian!

Etxepare Institutua orain dela ia bi urte jarri zen martxan baina adostasun politiko faltagatik edo, ez du lortu oraindik bere “gurutzaldi-abiadura“.

Interkonektatutako mundu honetan bi urte hauetan ez du lortu hain beharrezkoa den webgune txukun bat egitea ere. Martxan jarri orduko eta gobernu aldaketa dela medio eztabaida berri bat sortu da. Orain ematen du erakunde hau arduratuko dela erdaraz sortzen duten egileen lanak ere bultzatzen. Niri ez zait txarto iruditzen. Asuntoa da, betiko moduan, baliabideek erabakiko dutela momentu bakoitzean zein bultzatu eta zein ez. Horregatik zalantzak sortzen zaizkit erabakitzeko orduan zein izan daitekeen aukera irizpidea, adibidez hiru egile hauen artean: Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Espido Freire.

Enpresek badakite merkatuan erreferentzi izatea lortzeko zure identitate marka lortu behar duzula, eta ematen du gure kultura arduradunei “identitate” hitzak higuin pixka bat ematen diela, eta horrela ez goaz inora hain txikiak izanik eta hain handiak gure lehiakideak.

Horregatik gure identitate marka aurkitu behar dugu. Eta niretzat ez dugu asko bilatu behar: gure identitate marka, beste inork ez duena, EUSKARA da.

Leave a Reply