Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Orokorrak

Euskaldunak euskaraz ETBn

Telebista eta hizkuntzak direla eta beti izan dut kezka bat. Zergatik ez erabili telebista hizkuntzeekiko jakinmina sortzeko ikusleen artean. Gure etxeetako lehio elektroniko hoietan historikoki gaztelerara jo da, inertziaz edo eta askotaneuskaldunari bai euskaraz eta bai erdaraz egiten diote elkarrizketa berdina edo ETB2rako bada zuzenean eskatzen zaio erdaraz egiteko. Euskararen kalterako.

Gainera TDT dela eta telebista kateak ez dute erabiltzen teknologia horrek eskeintzen dituen aukera guztiak. Azpitituluak eta audio kanal multipleak adibidez.

Horregatik gaur lehenengo Iturrik Twiterren esandakoari eta gero Sustatun irakurritakoari helduz, nik ere sinatu dut Euskaldunak euskaraz ETBn sinadura bilketan, eskaria zentzuzkoa iruditzen zait eta.

Ondoren doa eskariaren argudioa zuk ere sinatu ezazun ondo iruditzen bazaizu (egun baten 700 sinaduratik gora lortu dute).

Euskaldunak Euskaraz ETBn

Hainbat erakunde ofizialetan euskaraz hizketan datorrenari erdaraz egin dezan eskatzea aspaldi debekaturik dagoen arren, egoera hori egunero ematen da oraindik non eta Euskal Telebistan.
Elkarrizketak, adierazpenak,e.a. euskaraz eta erdaraz bietan egitea ohitura zaharra da Euskal Telebistan. Zoritxarreko praxi horren ondorioz, euskara ikus ezin bihurtzen da euskaraz bizi ez diren herritarrentzat, eta euskaltzaletasuna ikus ezin bihurtzen da herritar guztientzat.
Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan berdin zaigula batan ala bestean jardutea. Ez luke hala behar behinik behin, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu.
Euskaldunak Euskal Telebistan erdaraz hizketan agertzeak ondorio kaltegarriak ditu euskararentzat. Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du.
Eredugarri gerta daitezkeen pertsonak behin eta berriz adierazpenak euskaraz egiten ikusteak (erdal kanalean azpitituluz osaturik) euskaltzaletasuna ereiten du ikusleen bihotzean emeki eta etengabe. Euskara hobesteko mezu subliminala dakar. Pertsona horrek euskararen aldeko hautu pertsonala egin duela erakusten du apalki eta zalapartarik gabe. Gaur egun eskaintzen zaigun euskara eta erdararen arteko berdintasun axolagabea berriz, euskararen galgarria gertatzen ari da, gure gizartean gero eta maizago ikus dezakegunez.
Azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.
Euskal Telebista euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da. Dena den, gainerako eztabaida gaiak oraingoz bazter utzi eta adostasunik zabalena iristearren azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, ETB zertarako sortu zen une batez oroituz, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.

Sinatzeko zoaz ekimenaren webgunera.

Leave a Reply