Aitortu behar dut liburu honetan murgildu arte ez nuela sekula Harkaitz Canoren libururik irakurri baina Gaurko Hitzaren jaian parte hartu zuen, zuzenean ikusi nuen bere jarduna eta kuriositatea sortu zitzaidan. Gainera ordurako irakurrita neukan nonbaiten bazela garaia Cano-k “benetako liburu” bat idazteko eta agian hau izan zitekeela iruditu zitzaidan, 400 orrialde inguru du eta… (txarto gabiltza liburu baten neurria bere orrialde kopuruak zehazten badu eta ez edukiak).
Birjintasun horrekin sartu nintzen Susa argitaletxearen webgunean eta liburu elektronikoa erosi 3,54 eurotan. Goraipatzekoa da Susak edizio elektronikoan egin duen apustua.
1983an nik 20 urte nituen, nobelako pertsonaiak bezala, eta narrazioak garai hartako albisteak ekarri dizkit gogora liburua zabaldu bezain pronto. Nola ez gogoratu Lasa eta Zabala kasua Soto eta Zeberioren gertaerak irakurritakoan?
Dena den liburua ez da nobela historiko bat. Gure oroimenarekin jolastuz gai ugari jorratzen ditu idazleak: errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia,… Horretarako, denborari “twist” eginez, gupidarik gabeko “flashback-ak” erabiliz, Diego Lazkano, idazlea izaten saiatzen den pertsonaiak, kontatuko digu historia gordinkeri osoz.
Liburua ez da erraza jarraitzeko, hiztegi oso landua du eta hizkuntzaren tratamendua oso sakona da; agian noizbait film bat egin beharko zen testu honekin era errazago batean asimilatzeko. Nik uste dut mereziko lukeela, baina ez dakit Cano ados egongo den nirekin.
Bitartean Uztaritzeko festetan 1983. urtean entzun zitekeen abestia entzun dezakegu. Let’s twist again. Agian hori da Cano-k nahi duena; irauli ditzagun gure kontzientziak…
Leave a Reply