Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

KULTURA

Euskal dantzaren adierazpena.

Arg. Josu Orbe. Fandangoa BiarritzenOrain aste batzuk asko gustatu zitzaidan erreportaje bat irakurri nuen Sustatun eta baita bideoa ikusi ere. Bertan Jon Sarasuak hizkuntza ekologiaren gaia lantzen du. Orokorrean esanda ekologia, “balore multzo bat bezala hartuta, etika bat da, gauzei begiratzeko modu bat. Existitzen denaren errespetu eta erreberentzia batekin kokatzeko modu bat, eta hori zaintzeko hautuarekin kokatzeko modu bat da. Ekologia hizkuntzari lotuta, jakintza sortzen hasten denean habitatak deskribatzen ditu eta planteatzen ditu zein diren, legeak, minimoak, jarraitu beharreko politikak…” 

Nik ere noizbait pentsatu izan dut Euskal Herria oso ekosistema kultural aberatsa dela eta baduela hainbat adierazpen ekosistema hau berezia egiten dutenak  (Bertsolaritza, herri-kirolak, euskara bera, musika, kantutegia,…). Hainbat adierazpen agian Kultura tradizionalaren itzalpean antolatu daitezkeenak. Sarasuaren ikuspuntua hartuta ekologiak balio dezake gure kultura tradizionala zaintzeko.

Gurean badago kultura tradizionalari lotuta dagoen esparru bat, dantzarena hain zuzen, dantzari izan garenontzat (edo garenontzat, dantzari izateari inoiz ezin baitzaio uko egin)  beti suposatu duena prekarietatean aritzea (kasu aipagarri batzuk izan ezik): lokal falta dela, dantza maixu-maistren falta dela, teknifikazio falta dela, ekitaldi egonkorren falta dela,… Honek guztiak askotan suposatu  izan du gure herrian dantza munduak gizartearen, eta bereziki agintarien, utzikeria sufritu behar izatea, konturatu barik astero Euskal Herrian ehundaka lagun direla dantzaren inguruan lanean dabiltzanak. Eta horrek gutxienez errekonozimendu publikoa behar du.

Horregatik oso garrantzitsua iruditu zait Eibartik Oier Araolazak proposatzen digun ekimena. Datorren larunbatean, apirilak 21, Euskal dantzaren adierazpenaren aldeko sinadura ekitaldia eta Biharamuneko soka-dantza burutuko dira. Proposatzen diguten programa hauxe da:

    • 12:00tan: Eibarko untzaga plazan elkartzea.
    • 12:30tan: Euskal Dantzaren Adierazpena sinatzearen ekitaldia.
    • 13:00tan: Biharamuneko soka-dantza.
    • 14:30tan: Bazkaria Iruki sagardotegian.

Ni ezin naiz joan baina adierazpenaren ideia eta testuarekin guztiz bat nator eta Oierrek komentatu didanez adierazpena sarearen bitartez sinatzeko aukera ere egongo da.

3 Comments

  1. Eskerrikasko aipamenagatik Josu. Ni ere interes handiz jarraitzen ari naiz azken urteotan Jon Sarasuak eta Huheziko Sorguneak lantaldeak plazaratzen ari diren gogoetak. Euskal kulturgintzaren alorrean aintzat hartzeko moduko hainbat ekarpen egiten ari dira. Zehazki dantzari dagokionean, argi dut lehen erantzunkizuna “geurea” dela, alegia, dantzari eta dantzazaleona. Egunean eguneko jardunean lan ikaragarria egin arren, estrategia eta planifikazio aldetik badauzkagu hutsuneak eta horiei heldu behar diegu lehen bait lehen. Horren ondoren etorri beharko da ekosistema horretan, beste jardueretatik dantzak izan duen tratamendua aztertzeko unea.

  2. Comment by post author

    admin

    Eskerrak zuri, hain ekimen interesgarria antolatzeagatik 😉

    Ba bai, arrazoia duzu, erantzukizuna gurea da baina beti eskean ibili beharra ere..

    Euskal Herrian dantzak duen garrantzia ikusita ,mugitzen duen jende kopurua ikusita eta ez egotea eskola ofizial bat, ez egotea dantza-maisu eskola bat, ez egotea artxibo publiko bat,… ez egotea inola errekonozimendurik… penagarria da

  3. Halaxe da bai. Penagarria, eta… ulertezina. Orain lau urte Utah-ko Unibertsitateko dantza irakasle baten etorri zen bere dantza ikasleekin euskal dantzak ikastera. Harrituta kontatzen zidan zenbat jira eta buelta eman zituen ikastaroa antolatzeko, ez zuelako Euskal Dantzen Eskola, Institutu edo dena delakorik aurkitzen. “Ez daukazue euskal dantzak ikasteko eskola bat ez EHUn ez EHUtik kanpo?”. Ezin zuen sinestu. Salt Lake City-ra bueltan gutuna idatzi zuen Eusko Jaurlaritzara bere harridura agertuz.

Leave a Reply to Utzi erantzuna