Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Orokorrak

Hausnarketa Eguna

Gaur Katalunian hausnarketa eguna omen da. Bai, batzuk ez dakite, edo ez dute jakin nahi, baina bai: biharko, 2017ko urriaren lehen egunerako, autodeterminazio erreferenduma dago deituta Katalunian ez ohiko prozesu baten ondoren.

Ez ohikoa diot, ze ohiko estatu demokratiko batean erreferendum hori adostua eta garantia guztiekin egitea izango zen normalena Quebec edo Eskozian egin zen moduan eta ez “pels meus collons” Kurdistanen oraintsu egin den moduan. Espainian dena da ez ohikoa, gogoratu ETAren desarmearen kudeaketa penagarria bestela. Spain is different!

Eta hor dago arazoa, demokrazia kontuetan Espainiako estatu aparatuek oraindik ez dute erabaki, berrogei urteko trantsizioa ez hain perfektua eta gero, norantz eraman nahi gaituzten; zeren antzeko izan nahi duten: Kanada edo Turkia; Erresuma Batua edo Irak.

Trenen talka aipatzen dute medioek, baina legea eta legitimitatearen arteko talka da Katalunian eta Espainian daukatena. Agerikoa eta kezkagarria da Espainiako alderdi politiko nagusiek arazoak konpontzeko garaian erakusten duten ezintasuna (Partidu Popularrarena agerikoa da baina baita sozialistena ere) eta baita demokrazia ulertzeko modu murritza ere.

Azken garai hauetan ARTE (Association Relative à la Télévision Européenne) Europar Batasunak sostengatzen duen telebista katea ikusteko afizioa hartu dut eta atzo bertan Philosophie programan Faut-il désobéir?¿Desobedecer en democracia? atala ikusteko aukera izan nuen. Agian “legearen inperio” sakratu horretatik kanpo badaude beste aukera batzuk. Europarrak horri buruz hausnartzen dabiltza eta gu enteratu barik. Azkar ibili behar zarete ze atal hau ikusteko aukera azaroaren 23an amaitzen da.

Gure hezkuntzan filosofiaren gaiari gero eta garrantzi gutxiago ematen diogun garai hauetan, eta hausnarketak eta debateak aldarrika egiten ditugun garaiotan oso gomendagarria iruditzen zait programa hau.

Bai, gaur Katalunian hausnarketa eguna da baina Espainiak ere aukera ederra du hausnarketa sakon baterako eta baita Euskal Herriak ere. Astelehenetik aurrera ez bait da ezer berdina izango.

Gaur arratsaldean Bilboko kaleak aproposak izan daitezke hausnarketa sakon baterako, zirimiria lagun.

Molta sort i moltes gràcies Catalunya!

 

Leave a Reply