Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Nork idazten du hemen?

Josu Orbe Benguria

Bizitzak Bilbora ekarri duen bermeotarra naiz. 1963. urtean jaioa, beraz gauza batzuetarako gazte baina beste batzuetarako zahar, nahiz eta burua oraindik gazte sentitu.

Beharbada nire lanbideak lagundu dit burua gazte mantentzen. Lanbide Heziketako Irakaslea naiz 1988. urtetik ona. Titulazioz Ingeniari Teknikoa naiz, elektronika industrialean espezializatua baina gure eskolaren beharrizanek bideratu naute telekomunikazioetara eta zehazki informatika eta sistema telematikoen arlora.

Agian irakaskuntzan inolako formazio metodologiko barik hasi ginelako, beti arduratu nau gure ikasleen garapenak (zelan ikasi dezakete gehiago eta hobeto?) eta horregatik saiatu naiz prestakuntza planei ahal izan dudan etekinik handiena ateratzen.

Bi arlo hauek, IKTak (Informazio eta Komunikazio teknologiak) eta metodologiak izan dira nire lanaren ardatz eta askotan argi bako tuneletatik ibili naiz, gehienetan tunela pasatu eta gero eguzkiaren argia ikusiko dudan ala ez jakin barik.  Moodle plataforma eta Web 2.0 delakoaren erreminta ugari erabili ditut nire klaseetan beti ikaslearen parte hartze aktiboa bilatuz. Lan honi esker, 2009. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak  Lanbide Heziketako Gela eta Tailerretako Praktika Onen Lehen Saria eman zidan.

Bestalde, langileen eta irakasleen prestakuntzan ere ikastaro ugaritan hartu dut parte irakasle moduan gai hauek jorratuz bereziki: Sistema Telematikoak, GNU/Linux sistema eragilea, Moodle plataforma edo ta Web 2.0 aplikazioen erabilera hezkuntzan.

2018. urtean Zuzendari izendatu  ninduten eta hor gabiltza nire pasioa den Lanbide Heziketa bultzatzen eta merezi duen tokira eramaten saiatzen.

Beti izan dut gustuko besteengandik ikastea eta baita ahal izan dudanean nire are aletxoa jartzea ere. Horregatik 2006. urtean zabaldu nuen webgune hau nire burutazioak eta esperientziak partekatzeko. Ibilbide hauek jende ugari ezagutzeko aukera eman didate eta baita oso proiektu interesgarrietan parte hartzeko ere, adibidez: Aprendices, Ikasbloggers, MoodleMoot,…

Noizbait deitu didate proiektu eta gai hauei buruzko jardunaldietara eta pozik azaldu ditut nire esperientziak.

Uste baduzu proiekturen batean elkarlanean aritu gintezkeela kontaktatu nirekin eta aztertuko ditugu aukerak.


<Versión en español>