Tag Archive for Eibar

Euskal dantzaren adierazpena.

Arg. Josu Orbe. Fandangoa BiarritzenOrain aste batzuk asko gustatu zitzaidan erreportaje bat irakurri nuen Sustatun eta baita bideoa ikusi ere. Bertan Jon Sarasuak hizkuntza ekologiaren gaia lantzen du. Orokorrean esanda ekologia, “balore multzo bat bezala hartuta, etika bat da, gauzei begiratzeko modu bat. Existitzen denaren errespetu eta erreberentzia batekin kokatzeko modu bat, eta hori zaintzeko hautuarekin kokatzeko modu bat da. Ekologia hizkuntzari lotuta, jakintza sortzen hasten denean habitatak deskribatzen ditu eta planteatzen ditu zein diren, legeak, minimoak, jarraitu beharreko politikak…” 

Nik ere noizbait pentsatu izan dut Euskal Herria oso ekosistema kultural aberatsa dela eta baduela hainbat adierazpen ekosistema hau berezia egiten dutenak  (Bertsolaritza, herri-kirolak, euskara bera, musika, kantutegia,…). Hainbat adierazpen agian Kultura tradizionalaren itzalpean antolatu daitezkeenak. Sarasuaren ikuspuntua hartuta ekologiak balio dezake gure kultura tradizionala zaintzeko.

Gurean badago kultura tradizionalari lotuta dagoen esparru bat, dantzarena hain zuzen, dantzari izan garenontzat (edo garenontzat, dantzari izateari inoiz ezin baitzaio uko egin)  beti suposatu duena prekarietatean aritzea (kasu aipagarri batzuk izan ezik): lokal falta dela, dantza maixu-maistren falta dela, teknifikazio falta dela, ekitaldi egonkorren falta dela,… Honek guztiak askotan suposatu  izan du gure herrian dantza munduak gizartearen, eta bereziki agintarien, utzikeria sufritu behar izatea, konturatu barik astero Euskal Herrian ehundaka lagun direla dantzaren inguruan lanean dabiltzanak. Eta horrek gutxienez errekonozimendu publikoa behar du.

Horregatik oso garrantzitsua iruditu zait Eibartik Oier Araolazak proposatzen digun ekimena. Datorren larunbatean, apirilak 21, Euskal dantzaren adierazpenaren aldeko sinadura ekitaldia eta Biharamuneko soka-dantza burutuko dira. Proposatzen diguten programa hauxe da:

    • 12:00tan: Eibarko untzaga plazan elkartzea.
    • 12:30tan: Euskal Dantzaren Adierazpena sinatzearen ekitaldia.
    • 13:00tan: Biharamuneko soka-dantza.
    • 14:30tan: Bazkaria Iruki sagardotegian.

Ni ezin naiz joan baina adierazpenaren ideia eta testuarekin guztiz bat nator eta Oierrek komentatu didanez adierazpena sarearen bitartez sinatzeko aukera ere egongo da.

Partekatu - Compártelo - Share it - Partagez: