Tag Archive for kultura

Euskal dantzaren adierazpena.

Arg. Josu Orbe. Fandangoa BiarritzenOrain aste batzuk asko gustatu zitzaidan erreportaje bat irakurri nuen Sustatun eta baita bideoa ikusi ere. Bertan Jon Sarasuak hizkuntza ekologiaren gaia lantzen du. Orokorrean esanda ekologia, “balore multzo bat bezala hartuta, etika bat da, gauzei begiratzeko modu bat. Existitzen denaren errespetu eta erreberentzia batekin kokatzeko modu bat, eta hori zaintzeko hautuarekin kokatzeko modu bat da. Ekologia hizkuntzari lotuta, jakintza sortzen hasten denean habitatak deskribatzen ditu eta planteatzen ditu zein diren, legeak, minimoak, jarraitu beharreko politikak…” 

Nik ere noizbait pentsatu izan dut Euskal Herria oso ekosistema kultural aberatsa dela eta baduela hainbat adierazpen ekosistema hau berezia egiten dutenak  (Bertsolaritza, herri-kirolak, euskara bera, musika, kantutegia,…). Hainbat adierazpen agian Kultura tradizionalaren itzalpean antolatu daitezkeenak. Sarasuaren ikuspuntua hartuta ekologiak balio dezake gure kultura tradizionala zaintzeko.

Gurean badago kultura tradizionalari lotuta dagoen esparru bat, dantzarena hain zuzen, dantzari izan garenontzat (edo garenontzat, dantzari izateari inoiz ezin baitzaio uko egin)  beti suposatu duena prekarietatean aritzea (kasu aipagarri batzuk izan ezik): lokal falta dela, dantza maixu-maistren falta dela, teknifikazio falta dela, ekitaldi egonkorren falta dela,… Honek guztiak askotan suposatu  izan du gure herrian dantza munduak gizartearen, eta bereziki agintarien, utzikeria sufritu behar izatea, konturatu barik astero Euskal Herrian ehundaka lagun direla dantzaren inguruan lanean dabiltzanak. Eta horrek gutxienez errekonozimendu publikoa behar du.

Horregatik oso garrantzitsua iruditu zait Eibartik Oier Araolazak proposatzen digun ekimena. Datorren larunbatean, apirilak 21, Euskal dantzaren adierazpenaren aldeko sinadura ekitaldia eta Biharamuneko soka-dantza burutuko dira. Proposatzen diguten programa hauxe da:

    • 12:00tan: Eibarko untzaga plazan elkartzea.
    • 12:30tan: Euskal Dantzaren Adierazpena sinatzearen ekitaldia.
    • 13:00tan: Biharamuneko soka-dantza.
    • 14:30tan: Bazkaria Iruki sagardotegian.

Ni ezin naiz joan baina adierazpenaren ideia eta testuarekin guztiz bat nator eta Oierrek komentatu didanez adierazpena sarearen bitartez sinatzeko aukera ere egongo da.

Gernika. Mihise gaineko dantza.

Atzo Euskalduna Jauregian Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) eta Aukeran dantza kopainia ikusteko aukera izan genuen Gernika, Mihise gaineko dantza ikuskizunean. Bertan bonbardaketaren inguruan jorratutako zazpi koreografi aurkeztu zuten Juanjo Ocón eta Edu Muruamediarazen zuzendaritzapean.

Nahiz eta gaia nahiko erabilia izan, proposamena ederra iruditu zait bai eszenografia aldetik bai koreografia aldetik, bereziki Aitor Amezagaren partiturei dagokionean. Agian Aukeran konpainia jarraitzen dugunok espero genezakeen taularatzea izan zen: zuzena, oso ondo dantzatua, zenbait puntu berritzaileekin, klasikoa eta garaikidea txertatuz; baina zuzenean Osketrarekin egitea berezia egin zuen atzoko agerraldia. Izugarria Ocón-en neska-mutilek egindako lana.

EITB Kulturan agertutako bideoa jartzen dizuet hemen Murumendiarazen hitzekin ideia bat egin ezazuen, baina aukerarik baduzue merezi du ikuskizun honetara joatea.

Bestalde, poz handia izan nuen Txetxu ere bertan ikusi nuenean aspaldiko partez.

Sukal-Herria, jalgi hadi mundura!

Aste honetan Michelin izarrak banatu dira Donostian. Ez dut kalkulurik egin baina ematen du dentsitatez, gurea dela munduan kilometro kuadroko izar kopuru handien duen herria.

Gai honi lotuta Markos Zapiain-i entzun izan diot izena aldatu behar geniola gure herriari. Euskal Herria deitu beharrean Sukal Herria deitu behar geniokeela dio gure “filosofo kontenplalariak“. Eta ez du arrazoirik falta. Azken urteotan euskal identitatearen ikur eta enbaxadore bihurtu bait dira Arzak, Subijana, Argiñano eta enparauak.

Nolanahi ere, Markosek beste gogoeta bat ere egiten du gai honi buruz. Bere beldurra da ea ez garen kanpoko irudi mutu bat ematen ariko, non eta bere hizkuntza propioa duen herrian. Berarentzat sukaldaritza edo Chillidaren eskultura bultzatzea ondo dago baina, zer egiten dugu adibidez gure idazleekin? Zelan bultzatu kanpoan gure hizkuntzaren presentzia? Zer egiten dugu gure dantzariekin, abeslariekin, orkestrekin,…? Zelan bultzatu gure adierazpen kultural propioak?

Ematen du horretarako Etxepare Institutua sortu dugula. Baina gauzak oso motel doaz,… eta mundua ziztu bizian!

Etxepare Institutua orain dela ia bi urte jarri zen martxan baina adostasun politiko faltagatik edo, ez du lortu oraindik bere “gurutzaldi-abiadura“.

Interkonektatutako mundu honetan bi urte hauetan ez du lortu hain beharrezkoa den webgune txukun bat egitea ere. Martxan jarri orduko eta gobernu aldaketa dela medio eztabaida berri bat sortu da. Orain ematen du erakunde hau arduratuko dela erdaraz sortzen duten egileen lanak ere bultzatzen. Niri ez zait txarto iruditzen. Asuntoa da, betiko moduan, baliabideek erabakiko dutela momentu bakoitzean zein bultzatu eta zein ez. Horregatik zalantzak sortzen zaizkit erabakitzeko orduan zein izan daitekeen aukera irizpidea, adibidez hiru egile hauen artean: Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Espido Freire.

Enpresek badakite merkatuan erreferentzi izatea lortzeko zure identitate marka lortu behar duzula, eta ematen du gure kultura arduradunei “identitate” hitzak higuin pixka bat ematen diela, eta horrela ez goaz inora hain txikiak izanik eta hain handiak gure lehiakideak.

Horregatik gure identitate marka aurkitu behar dugu. Eta niretzat ez dugu asko bilatu behar: gure identitate marka, beste inork ez duena, EUSKARA da.