Aurreko sarreran komentatu dugu zelan pasadan astean Turkiatik ibili garen lan kontuak direla eta. Ostiralean zubia zela eta aprobetxatu egin dugu eta Istambulen geratu gara asteburu pasa.
Liluratuta bueltatu naiz. Hiri berezia da Istambul. Nabaritzen da historia egin duen hiria dela. Antzinean Bizantzio eta Kostantinopolis izenekin ere ezagutu zen gero Otomandar inperioaren hiriburu bihurtu den hiri kosmopolita hau. Toki estrategikoan eraikita dago, Europa eta Asiaren artean, Bosforo itsasartearen bi ertzetan.
Iristerakoan munduko edozein hiri moderno batean zaudela irudituko zaizu baina muezinaren otoitzerako deia lehenbizikoz entzuten duzunean gogoratuko duzu Marco Polo ere hemendik ibili zela edo Orient Express tren famatuak Istambuleko geltokian amaitzen zuela bere ibilbidea.
Gauza ugari ditu hiri honek ikusteko, meskitak (Hagia Sofia, Meskita Urdina, Suleimanena), palazioak (Topkapi palazioaren terrazetatik sekulako ikuspegiak dagoz Bosforo eta Asia alderantz), baina batez ere gehien gustatu zaidan gauza kaleko giroa izan da. Demografikoki Istambul oso hiri gaztea da eta hori eguneroko bizitzan nabaritzen da. Kalean edozein ordutan dabil jendea batera eta bestera.
Istiklal kalea horren adibide da. Dendak ugariak dira, eta ez dugu ahaztu behar Bazar Nagusia, non sekula ez duzu jakingo ordaindu duzun prezioa justua den edo ez. Saltzaileen hizkuntza gaitasunek harritu egin naute, ingeleraz, gazteleraz eta baita euskaraz ere hitzegin digute eta. Dena den, Bazar Nagusia turistikoegia iruditu zait eta edozein kaletan dendak ugariak dira zerbait erostekotan bazabiltza. Istambul osoa bazar handi bat da.
Aipatu beharreko beste toki bat Galata dorrea da, bertatik hiri guztia ikus dezakezu, oso puntu estrategikoa da eta merezi du igotzea. Dorretik hurbil Galata zubia aurkitu dezakezu. Bere bi ertzetan ehundaka arrantzale ikusiko dituzu bere kainoberekin Urrezko Adarreko arrain ugariak arrapatzen. Sekulako giroa sortzen da zubi honen inguruan, bereziki Meskita berria eta Espezien Bazarraren. inguruan.
Garraio publikoa ugaria da Istambulen: metroa, tranbia, funikularra, itsaontziak, eta taxi hori ugariak (kontuz hauekin ze beraien lema hauxe da: “Ave de paso, eskopetaso“). Garraio publikoa erabiltzeko geltoki guztietan fitxak lortzeko makina automatikoak aurkituko dituzu eta 1,50 lira balio dute (0,75 €), beraz oso erraz mugitu zaitezke hirian. Gomendatutako bidaiatxoa ilunabarrean itsasontzian Asia aldera pasatzea da. Meskiten siluetak zeru gorrian dotore agertuko zaizkizu Europa aldetik.
Hemen uzten dizkizuet argazki batzuk.
Noe
Sekulan ez naiz Istanbulen izan. Bihotzez eskertzen dizut, beraz, bisitalditxo digitala.
Administrator
@Noe: Hiri honek benetan merezi du bisita bat. Ez dakit, oso ondo sentitzen zara bertan, oso erraza da toki guztietara heltzea, jendea beti laguntzeko prest izango duzu. Bueltatzeko gogoz geratu naiz.
Carmen
Josu hartzen dot zure gomendioa eta dirua lortu ondoren joango naz!!
Eskerrik asko
Administrator
@Carmen: Gorde dirua benetan merezi du eta!!