Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

LEKUAK

Ganekogorta (999 m.)

Gaur, nire koinata Leirek eta Annek bultzatuta, Ganekogorta mendia igo dugu; nik eta Annek lehenengo aldiz.

Ganekogorta Bilbo hegoaldetik agertzen zaigun erraldoia da eta nahiz eta Alonsostegi eta Laudio bitartean egon Bizkaiko hiriburuko mendizaleek estimu handia diote.

Gure bidea Igertuko parkinean hasi dugu. Pagasarrira bideko lehen aldatsei ekin diogu, Zapaburu iturritik pasa eta Artabeko bidegurutzean Pagasarriko bide zaharra hartu dugu. 40 minututan Pagasarriko lepoan egon gara. Aterpea eskerretara utziz zuzenean jarraitu dugu, gure helburua aurrez-aurre agertu zaigularik: handi, neurrigabe, izugarri.

Lehenengo pausuak beherantza egin ditugu eta eskumara elurtegiak eta Tarin iturria utzi ditugu bueltan bertan freskatzeko asmoarekin. Bidea zuzen jarraituz gero ez dago galtzeko modurik. Oso ondo markatuta dago eta. Pinudiak gerizpea eman digu eta bidea nahiko leuna da zati honetan. Eskertzekoa. Baina pinudia amaitu bezain pronto Txosnagane (876 m.) mendiaren lehen aldatsak aurkitu ditugu, eta indarrak dagoeneko ez zeunden hasieran bezala… Dena den, lepora heldu bezain pronto bidea gailur-lerrotik abiatzen da ikaragarri. Hegoaldera amildegia eta horren atzean mendiak (Sierra Salvada ere ikus daiteke egun argian), iparraldetik Azordoiagako bailara eta atzerago itsasoa (gaur lainoa zegoen eta ez zen ikusten). Bide hau arreta handiarekin egin behar da bereziki lainoa edo haizea balego. Azken aldapa eta gure helburua lortuta. Ia bi orduko bide gogorra izan da baina merezi izan du. Mendi-mendia dugu Ganekogorta eta eguraldia lagun gailurreko etenalditxoa disfrutatzeko modukoa da.

Beherantzean bide berdina jarraitu dugu baina Pagasarrirako bide zuzena hartu beharrean Tarin iturrirako bidea hartu dugu bertako ur gozoa dastatzeko eta elurtegiak ikusteko. Pagasarriko lepora igo eta lehengo bidetik Bilbora. Lau ordu ta erdiko mendiko bidea egin eta gero merezitako bazkaria egiteko esperoan.

Irteera hau berezia izan da niretzat. Helburu bezala nuen markatuta udaberri honetarako baina egun hauetako gertaerek berezia egin dute. Astelehenean albiste triste bi hartu nituen: nire lehengusu Jon Zamalloa hil zela eta nire lankide Jabi Lekerika hospitalean oso larri zegoela. Mendiko bideak gogoetarako aukera ematen du. Bizitza horrelakoa da, ematen diguna noizbait kobratu egingo digu eta azken aldi honetan pagatzea tokatzen zaigula ematen du.

Eskerrik asko Jon askotan bidea erakutsi diguzulako, bai modu pertsonalean eta bai talde lanean ere.

Animo Jabi eutsi gogor!!

Leave a Reply