Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

APRENDICES

Euskalhack: emakumea eta euskara

Atzo nire laneko postontzian Euskalhack Security Congress jardunaldien gonbidapen bat jaso nuen. Hasiera batean oso interesgarria iruditu zitzaidan eta webgunean sartu nintzen informazio gehiago lortzeko asmoz. Orduan, berriro, mundua goitik behera erori zitzaidan. Eta pena izugarria hartu nuen.

Karteletan agertzen denaren arabera diru publikoz lagundutako jardunaldi baten, emakumearen eta euskararen presentzia zerotik oso hurbil dago berriz ere. Hogei hizlarietatik bakarra da emakumea eta hamazazpi hitzaldietatik bakarra euskaraz. Webgunea erdara hutsean! XXI. mendeko gizakiok ez dugu ezer ikasi?

Betiko aitzakiak aitzaki, argi dagoena da antolakuntzakoei bi gai hauek ez dietela bat ere axola, beraz galdera da: diskriminazioaren eraldatzaile izan behar diren erakunde publikoek  diruz sostengutu behar dituzte honelako aktibitateak? Ez goaz gure gizartean guztiz onartuta dauden helburuen aurka? Eta axola ba die, zergatik ez dituzte kontuan izan bi gai hauek? Ze egon, badaude; bai emakumeak eta baita euskaldunak ere gai hauetan adituak direnak.

Urtarrilean, Aprendices taldean, genero eta teknologiari buruzko gaia jorratu genuen eta Julen Iturbe-Ormaetxek tailerraren jorratutako hamar ideia bildu zituen gai hauetan emakumearen bisibilidadea garatzeko asmoz. Argi dago inork ez gaituela irakurtzen.

 

Leave a Reply