Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

SARE SOZIALAK

Agur Facebook, agur

Sare Sozialak
Arg. by Waseem Farooq

80. hamarkadan nire etxera Zx Spectrum bat heldu zenetik beti gustatu izan zait informatika mundu honetan trasteatzen ibiltzea. Programazioa ere gustukoa dut. Hasieran Basic, gero Pascal, gerotxuago C, eta azken aldi honetan Python ere bai.

Baina hasierako garai haietan informatika mundua nahiko bakartia zen, BBSak agertu ziren arte. Gure modem zaratatsuarekin mundura konektatzen ginen jokuetako mailak pasatzeko laguntza bila edo baita programazio arazoen soluzioen bila, adibidez.

Bat-batean Internet sarearen berri izan genuen eta TCP/IP protokoloak eta HTML lenguaia guretzat arakatu beharreko mundu berri bat bihurtu ziren. Software librea ere hor zegoen, teknologia eta etika ustartuz. Gogoratzen dut Richard Stallman Bilbora etorri zen eguna. Handik aurrera argi ikusi nuen: geroari begira eta herri bezala, hori zen mundu teknologiko honetan euskararentzat bide bakarra. Red-Hat sistematik Debianera, Debianetik Ubuntura. Sistemetan dantzan.

Bitartean dena hazi zen oso azkar eta dot-com enpresen burbuila sortu zen. Mundu berriak dirua irabazteko sortzen dira, baina oso azkar igotzen dena azkar jausten da. Ala eta guztiz ere gauzak baretzen direnean berrikuntzak egonkortu egiten dira eta ideia apurtzaileak izan zirenak ohikoak bihurtzen dira.

Hori gertatu zitzaigun sare sozialekin ere. Hasiera batean oso polita zirudiena deabru izkutua bilakatu omen zaigu. Dena doan, produktua gu bilakatu arte eta gure pribatutasun guztia galdu arte.

Horrek bultzatu nau sare sozialetan dudan presentziari buruz ausnarketa egitera.

Ez zaizkit batere gustatu azken aldi honetan Facebook sareari buruz entzun ditudanak (ez dut iturri originala estekatzen irakurtzeko izen ematea beharrezkoa delako). Non geratu da etika?

Nekatu naiz. Uste dut dauden sare sozial ia guztiak probatu ditudala eta dagoeneko nire profila toki askotan taxonomizatuta egongo dela. Ez zait inporta baina nahikoa da.

2019 urte honetan nire helbuetako bat sare sozialetatik alde egitea izango da, Facebooketik hasita.

Zein da zuen iritzia gai honi buruz?

2 Comments

  1. Aupa, Josu!!

    Nik duela hilabete alde egin nuen Facebooketik. Ez dakit guztietatik alde egingo dudan, baina garbi izan det hauxe dala lehenengoa.

    Aio!
    Jabi

Leave a Reply