Egia esan aitortu behar dut bertso saio bat galtzen ez duen bertsozale amorratu hoietako bat ez naizela, baina bertsoa gustokoa dut. Urtero pare bat saio jausten dira sakelera. Maialen Lujanbio eta Jon Maia asko gustatzen zaizkit baina nire erreferentziak Mañukorta, Lazkao Txiki edo Azpillagaren arokoak dira, Andoni Egaña ahaztu barik.
Azken aldi honetan gehien liluratu nauen gaia bertsolaritzak izan duen garapena izan da. Euskal kulturan tradioziotik modernitatera hobeto egokitu den adierazpen kulturala izan dela uste dut. Ekitaldietako formatu berriak, beste kultura batzuetako “repentista” direnekin erlazioak, txapelketa bera, bertso eskolak, eta abar. Zinemaldian ere agertu dira eta!
Eta hau guztia zertara dator blog honetan? Ba atzo, egunkaria zabaldu nuenean bertsolaritzarekin liluratzeko beste aukera bat izan nuelako. Atzo Berria egunkariarekin plastikozko poltsa bat zetorren. Poltsa ireki eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bi pegatina, eskuko programa eta errebista eder bat.
Errebista izan zen ustekabe handiena: oso ondo editatuta, informazio ugarirekin, oso bisuala. Bertan Saroi Jauregiren agurra; Aitor Mendiluze, azken txapeldunarekin, elkarrizketa; txapelketaren historia, kanporaketen informazioa, gai-jartzaile eta epaileei buruzko informazioa,… eta dena interneteko helbideekin horniturik, Twitter eta Facebook-eko erreferentzi ugarirekin eta baita zure “segapototik” sarera konektatzeko QR kode ugarirekin.
Interneteko estekak jarraituz informazioa biderkatu egin dezakezu, argazki ugari, eta telebista kanal bat ere, dena Creative Commons lizentziapean gainera!
Oso lan ona iruditzen zait Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egindakoa. Zorionak eta ea beste arlo batzutan ere ikasten dugun!
Leave a Reply