Zenbat jende, zenbat oroitzapen, zenbat anekdota eta istorio.
Aurten Alkartasuna Dantza taldearen sorreraren 40. Urteurrena ospatzen gabiltza eta lehenengoko ekitaldia ospatu dugu uztailaren 16an. Gaur egunean taldean dabiltzan dantzariekaz batera orain urte batzuk taldea utzitakoekaz osatutako ekitaldi ederra izan da, bi asteko entseiuen ostean. Azken batean dantzan egitea bizikletan ibiltzearen modukoa da eta ez da ahazten. Behin dantzari egiten bazara betirako da.
Atzerako begirada bat eginda niri gauza ugari eman dizkit dantza taldean ibiltzeak. Lehenengo eta behin, bestela inoiz ezagutuko ez nituzkeen pertsona ugari ezagutu ditut, batzuk lagun minak, beste batzuk ez horrenbeste, baina denak interesgarriak. Bestalde gure herriaren kultura tradizionalean sakontzeko aukera izan dut eta baita gaur eguneko Euskal Herriaren ezagutza orokorrago bat izateko aukera ere izan dut. Munduan zehar ibili garenean konturatu naiz euskaldunok badugula gure tokitxoa planeta honetan eta desberdintasunak-desberdintasun dantzak lurrari, gizarteari eta arbasoei lotutako ideia amankomunak zabaltzen dituela bai hemen eta baita Kirgizistanen ere.
Amaitzeko eskerrak eta zorionak eman behar dizuet momentu honetan taldean zabiltzatenei dantzaren sua piztuta mantentzeagatik, herriko gazteekaz egiten duzuen lanagatik eta bereziki 40 urteurreneko ekitaldia hain ondo prestatzeagatik.
Leave a Reply