Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Orokorrak

Lainoak ofizialtasunaren bidea eskutatzen digu

Camiseta Euskal Selekzioa

Euskal Selekzioa (Photo credit: EasoSport)

Blog hau jarraitzen duzuenok badaukazue nire futbolarekiko maitasunaren berri. Athletic zalea izanik, beste euskal taldeak ere gustoko ditut eta jarraitzen ditut, bai gorengo mailakoak eta baita maila apalagoetakoak ere. Honela izanik, uste dut afizio honek, eta orohar Herri honek merezi duela Selekzio Ofiziala izatea eta ez bakarrik futbolean, beste kiroletan ere bai.

Dena den aurtengo pasadan urteko Euskal Selekzioaren partiduan izandako “espektakulua” ikusita kezkatuta nago oso. Egia esan azken urteetan nahiago dut partidua etxeko sofatik ikustea zelaira joan baino. Ez zait batere gustatzen azken partiduetan sortutako giroa. Ez dit futbolaz gozatzen uzten.

Aurreko partiduan gertatutakoa ikusita eta arduraz beteta, honako hau idatzi nuen:

Nazioarteko partida batean ez dira onartzekoak bengalak eta petardoak, aurkakoak merezi duen errespetua ez izatea, ezta partidu amaieran zelaira salto egitea ere adibidez; eta nire ustez ofizialtasunaren bidean gauza hauek zaindu egin behar dira.

Ondo daude Futbol Federaziotik ikusleen zentzutasunari egindako deiak baina antolatzaile moduan Federazioa bera da gauza hauek gerta ez daitezen baliabideak ipini behar dituena, nahiz eta horrela etekin gutxiago atera. Noizbait zerbait larria gertatuko da eta orduan izango dira komeriak.

Urte bat pasa eta gero Futbol Federazioa ez da gai izan dauden arazoak aurreikusteko eta azkenean gertatu dena gertatu da. Badakit gertatutakoaren ardura ekintza hoiek sortzen dituztenena dela baina baita ere jakin badakigu talde horiek nahiko ezagunak direla eta kontrolpean egon beharko litzatekeela, bestela gai honek eskuetatik ihes egingo die antolatzaileei. Partidu hau ofiziala izan bazen ziuraski bertan-behera geratuko zen eta Federazioak sekulako izuna hartuko zuen. Hori argi izan behar dugu.

Erresuma Batuan badute gai honi buruzko esperientza pixka bat eta bertan futbol zelaietarako sarrera oso kontrolatua dago. Manchestereko partidua horren adibide izan zen. Badaukagu non ikasi… baina azkar!

Bestalde, berriro ere, esan behar dugu gai hauetan Barne Sailak (orain Seguritate Saila esan beharko genuke) eta gai hauetan ardurak dituzten beste eragile batzuk ere (Udaltzaingoa, Seguritate enpresa), aurretiz gai hauek kontrolatuta izan beharko lituzketela, antolakuntzarekin koordinatuz, prebentzioan lan egiteko, eta behar diren neurriak aurretik hartzeko, ez zelaian bertan non ikusten dugun erantzun bakarra oldartzea izaten da.

Dena den, eta aurreko guztiak kontutan izanik ere, badago beste arazo sakonago bat eta nire ustez zailagoa konpontzeko: gure gazteen arteko alkohol eta beste droga batzuen kontsumoa. Aurreko arazo guztiei zelaiko ehuneko garrantzitsu bat “kolokatuta” dagoela gehitzen badiogu, hor erloju-bonba izugarri bat daukagu. Eta arazo horrek konponketa oso-oso zaila dauka. Agian kaleko alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa gehiago kontrolatu beharko zen baina Hezkuntzatik ere zerbait gehiago egin beharko zen, ziuraski.

Guzti honetaz pentsatzen  nengoela Juan Carlos Latxagaren blogean artikulu hau aurkitu dut; nik baino askoz hobeto idatzi du gai honi buruz.

Enhanced by Zemanta

Leave a Reply