Maiatzaren lehena dela eta asteburua Nafarroako Astitzen pasatu dugu. Astitz Larrun bailaran dago kokatuta, Lekunberritik 8 km ingurura. Herria oso txikia da eta 26 biztanle ditu gehienak baserritik bizi direnak. Dena den azken urteotan Plazaolako Partzuergo turistikoaren eraketari esker beste era bateko aukerak dituzte biztanleek, turismoari lotutakoak.
Alojamendua Astizko aterpetxean hartu dugu, eta eskerrak eman behar dizkiegu Koldo eta Joni bere harreragatik.
Larunbat arratsaldean heldu eta lehenengo bisita egin dugu, Iribasen hasi eta Aitzarrateta errota eta Ertzilla ibaiaren jaiotzara doan bidea jarraitu dugu. Hemen ikusten da nola Ertzilla ibaia sortzen den haitzuloetatik eta bertan errota baten hondakinak ikusi daitezke, baina hoberena da ikustea nola momentu batean, ibaia zulo batetik desagertzen da eta gero beherago agertzen den berriro. Inoiz ikusi gabeko fenomenoa. Patsada onean ordu ta erdiko bueltatxoa, zailtasun gabekoa.
Igande goizean ondo gosaldu eta frontoian pilotakada batzuk eman eta gero Mendukiloko kobetara joan ginen Astitzetik oinez (ordu erdi); koba izugarria da eta lehenago ikusentzuneko bat dago oso polita harrera bulegoan, gero Maiteren azalpenak oso atseginak.
Arratsaldean kotxea hartu eta Madoz herritik Larrazpileko trikuharriaren bila joan ginen. Koldo aterpetxekoak esan zigun bezala, ordu beteko malda gogorra igo eta gero, pagadi izugarri batera heldu ginen, dagoeneko umeak nekatzen hasi zirenerako trikuharria agertu zen. Oso polita eta umeek ikasi zuten nola orain hiru mila urteko euskaldunek bertan lurperatzen zituzten hilak. Leku izugarria da eta ikuspegia Iruñararte heltzen da Sakana osoa zeharkatuz.
Iluntzean Nafarroako Dantzari Eguna zela eta eta Lekunberriko "anbientea" ikusten joan ginen.
Astelehenean, Aralarko San Miguelera joan izan gara, eta Albiko aparkalekutik paseotxo bat ematea erabaki dugu. Oso baso polita da eta pagadiak udaberrian lehertzeko moduan daude.
Leave a Reply