Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Selekzio naturala

Badakit futbola gero eta gehiago "herriaren opioa" bilakatu zaigula. Ala eta guztiz ere, niri gustatzen zait "futbol ona". Horregatik Premier Ligue-ko partiduak ikustea gustuko dut eta horregatik azken urte hauetan ez naiz joan futboleko Euskal Selekzioaren partidetara, naiz eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldekoa izan. Ez naiz gogoratzen zein izan zen zuzenean ikusi nuen azken partida. Kamerun-en aurka uste dut. Eta katxondeo hutsa suertatu zen, futbolak 30 minutu inguru iraun zuen, bestea desastre hutsa: hasieran suziri eta bengala piloa, nahiz eta debekatuta egon horrelakoak sartzea futbol zelai batean. Gero publikoaren mugimendu etengabea komunera, noski Zazpi Kaleetan eta Pozasen pilatutako litroak nonbaiten hustu egin behar dira. Zelaian lehen gola sartu arte futbol pixka bat, hortik aurrera "zentrokuentismoa" nagusi, gero aldaketa ugari eta akabo. Eta hotza, sekulako hotza. Animoak eta abestiak jokoaren araberakoak. Horregatik nahiago dut etxeko telebistan ikustea partida.

Bestalde aurten gertatutakoa, Kafka erreferente nagusi dugun gure herritxo honetan,  bai izan dela katxondeo hutsa. Lehenengo eta behin izenaren arazoa txorrada bat iruditzen zaidala esan behar dut, gehien bat Erkidego Autonomoko Estatutuan izen biak ofizialak direnean. Hortik esan behar dut nahiz eta niri Euskadi izena zuzenago iruditu selekzioaren historia kontutan hartuta; iaz aldatzea eta aurten berriro aldatzeko asmoa izatea txiste bat iruditzen zaidala. Gauzak ez dira aurten egin txarto pasadan urtean baizik, Euskal Herria izena, naiz eta niri ondo iruditu, Jaurlaritzerekin adostu behar izan zen, berak eraman behar baitu gai hau futboleko estamentu ofizialetara. Eta orain, nork konpondu bidegabekeri guzti hau? Burugogorren herri honetan dena den, erdiko aukera bat ere bazegoen: Euskal Selekzioa. Zergatik ez da onartu?

Arazoa dena den, ez da izena. Arazoa da askok nahi dugula gure selekzioa Wembley-n Inglaterreraren aurka ikustea Eurokoparen final batean eta gainera irabazi. Eta horretarako, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Futbol Federazioak ez dute bete beraien lana, bereziki Federazioak berak eskatu behar baitu sarrera FIFA-n edo/ta UEFA-n. Orain esango didate entitate horretan sartzeko beste federazio batzuetako laguntza behar dela. Hor bai Eusko Jaurlaritzaren "diplomazia" behar dela eta gai hau landu behar den lekuan. Kirol legea, gai honetan ezerezean geratuko da, papeletik ekintzetara pasatzen ez bagara. Bestela nola lortu dute Faroe Ugarteak edo Andorrak Eurokopa jokatzea?

Ala eta guztiz ere, nire ustez horrela lortutako ofizialtasunak ere ez luke lortuko Nafarroako eta Iparraldeko jokalarien parte hartzea eta beste arazo bat sortuko da. Beraz konponbide zaileko asuntua dugu hau eta politikoki arantzatsua. Orduan baloratu egin behar da zer nahi dugun.

Amaitzeko, batzuk esan dute (ESAIT-ek adibidez) jokalarien jarrera txalotzekoa izan dela, baina nire ustez baditu iluntasun batzuk ere. Nik jokalariengan hiru gauza espero nituen ez direnak gertatu:

  • Bat, beraien jarrera aktiboa larunbateko manifestazioan. Dirudienez dozena erdi bat bakarrik agertu ziren. 
  • Bi, Jaurlaritzak esandakoari aurre egiteko (oinarrizko futbola kaltetu dela ez jokatzeko erabakiarekin), denon artean kutxa bat sortzea pasadan urteko diru sarrera berdina lortzeko eta klubei emateko.
  • Hiru, beste edozein selekziokin ez jokatzeko erabakia.

Beraz geroa Darwinen "selekzio naturalak" erabakiko du eta ez du indartsuenak irabaziko hobeki moldatzen denak baino eta hor egongo dira Kick-boxingeko selekzioa edo Segakoa edo Surfekoa edo baita Kung-fukoa, nazioarteko txapelketetan parte hartzen.

0 Comments

2 Pingbacks

  1. aupatu.com
  2. zabaldu.com

Leave a Reply