Paris izan zen Euskal Selekzioaren abiapuntua. 1937ko apirilean debutatu zuen Parc des Princes estadioan, Parisko Racing Frantziako txapeldunari 0-3 irabaziz. Egun hartatik gaurko partidara denbora asko pasatu da eta mundua aldatu da eta baita euskal zalegoa ere.
Gogoratu dezagun garai hura gerra garaia zela. Eusko Jaurlaritzak futbola erabili nahi izan zuen Euskal Herriaren egoeraren berri emateko munduan zehar eta baita dirua lortzeko erbesteratutako “gerrako umeentzat”. Helburu horrekin Futboleko Euskal Selekziorako deialdia egin zuen. Gogoratzekoa da baita ere Gobernu hartan EAJ, PSOE, Errepublikarrak, PCE eta EAE-ANV alderdietako kideak zeudela sailburu moduan.
Selekzioa Europatik ibili zen 1938. urtean Mexiko eta Kubara salto egin arte. Emaitza politak lortu zituen eta baita txapelketaren bat ere Mexikon.
Gerra Zibila bukatu zenean taldea desegin zen 1979. urtean Irlandaren aurka jokatutako partidan berragertu arte. Ordutik aurrera helburu garbi bat egon da jarraitzaile guztien buruan: Ofizialtasuna.
Orain badirudi arazoak-arazo, helburuak beste batzuk direla: batzuentzat talde apalentzako dirua biltzea eta beste batzuentzat baimendutako “botelloia” egitea. Honetan guztiz ados nago Latxagak idatzitako artikuluarekin eta uste dut partida honek hartu duen bideak ez diola inolako mesederik egiten ofizialtasunaren helburuari.
Nazioarteko partida batean ez dira onartzekoak bengalak eta petardoak, aurkakoak merezi duen errespetua ez izatea, ezta partidu amaieran zelaira salto egitea ere adibidez; eta nire ustez ofizialtasunaren bidean gauza hauek zaindu egin behar dira.
Ondo daude Futbol Federaziotik ikusleen zentzutasunari egindako deiak baina antolatzaile moduan Federazioa bera da gauza hauek gerta ez daitezen baliabideak ipini behar dituena, nahiz eta horrela etekin gutxiago atera. Noizbait zerbait larria gertatuko da eta orduan izango dira komeriak.
1 Pingback