Ez dakit inoiz blog honetan hitzegin dudan Bilbok eta bere inguruko herriek mendiazaleoi ematen dizkiguten aukerataz. Ordu erdi baino denbora gutxiagotan leku zoragarrietara hurbildu gaitezke. Hiriko zarata eta burrunba atzean utzi eta mendiko lasaitasuna disfrutazeko aukera daukagu.
Horrelako toki bat Sasiburuko tontorra eta mendilerro osoa dira. Sasiburu Barakaldotik oso hurbil dago Kadagua ibaiaren gainetik hegaka. Ibilbidea Santa Ageda baselizan hasi dugu, bertan aparkatu dugu kotxea eta. Ez baduzu ezagutzen tokia Santa Ageda baseliza aurkitzea ez da lan erraza. Gurutzetako Hospitaletik, A8 autobia zeharkatzen duen zubia hartu eta biribilgunean OSALAN eraikinaren seinaleak jarraituko ditugu aldapa gogorrean. Bideari jarraituz Basatxuko etxeetara eta Ur Partzuergoaren depositora heltzerakoan ezkerreko bidetik jarraituz aurkituko dugu baseliza.
Santa Agedako baserrien artean aldapa gora hasten den bidea hartuko dugu, seinale zuri-oriak jarraituz. Bost minutu aldapan gora egin eta gero pista utzi beharko dugu ezkerrean dagoen alanbre-hesi bat zeharkatuz bide zidor batetik jarraitzeko aldapan gora, ote artean. Adi egon behar gara ze seinaleak ez dira ongi ikusten eta pista aurrerago amaitu egiten da.
Hamabost minutu inguru ibili eta gero Arroletza mendiaren lepora helduko gara (459 m). Toki zabala eta arbolarik gabekoa da eta Ibaizabal aldera begiratuz igarten da zelako bistak izango ditugun gure eskerretara agertzen den tontorrean. Belardi zabaletik gora eginez ordu erdin Arroletza mendiaren tontorrera helduko gara. Aldapak, eguzkiak, egarrik, gelditzeko gogoa ematen badizu ez arduratu, eman buelta eta disfrutatu ikuspegiaz. Itsasadarra, Getxo, barakaldo, Bilbo, Serantes, Jata, Sollube, Oiz,…
Arroletzatik Sasiburura hegaka egingo dugu bidea, oinak airean mendi-lerroko bideari gora eta behera ekinez. Zuhaitzik ez dagoen lekutan konturatuko gara Alonsotegiren gain-gainean gaudela eta mendia modu zuzenean ebakitzen dela horma bertikaletan. Beste aldera ere ikuspegia zoragarria da: Durangoko Mendiak, Pagasarri, Ganekogorta, Eretza, Mendibil,..
Sasiburuko tontorra atzean utzi eta gure aurrean belardi zabal batetik jaitsiko gara pistara. Pistatik bidea jarraitu dezakegu Peñas Blancas mendiraino, baina guk eskumara egin eta mendilerroaren hegaletik datorren pista jarraituz bueltatu gara Santa Agedako baselizara. Bi orduko buelta zoragarria da aurkezten dizuegun hau eta hiritik oso hurbil baina ez du ematen hain hurbil gaudenik. Haizea, aire garbia, ixiltasuna,… bakea.
Leave a Reply