Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

KULTURA

Parekidetasuna eta gizonon ardura kultur transmisioan.

Platillu Soñua. Argazkia: Marisa Barrena

Platillu Soñua. Argazkia: Marisa Barrena

Nahiz eta iraila heldu bezain pronto Hondarribiko alardearen hotsak (eta lotsak) ohikoegiak bihurtu,  gizon-emakumeen parekidetasunaren gaian, eta nahiz eta oraindik lan asko egin beharko dugun, gero eta lasaitasun eta zentzun gehiago  ageri direla uste dut.

Agian dantza tradizionalaren mundua izan da gai honetan motelenen ibili den arloetariko bat.

Bitxia bada ere, eta nahiz eta frankismo garaiko “Sección Femenina”-k  sekulako lana egin nesken dantza tradiozionalarekiko zaletasuna eta sorkuntza bultzatzerakoan, azken berrogei urteotan ez da orokorrean begi onez ikusi neskak mutilen rolak hartzea dantza tradizionaletan. Dena den, ematen du azken denbora hauetan gauzak aldatzen doazela eta hor ditugu Zumarraga edo Durangoko adibideak.

Adibide hauek eta nire inguruko beste batzuk ikusita dantza tradizionalean lanean diharduten taldeetan uste dut ausnarketa sakona beharrezkoa dela parekidetasunaren gaia dantza tradizionalarekin uztartzeko. Eta badago zer ausnartu: ze dantza mota, ze jantzi, ze egun eta testuinguruan,… Ze gai hau modu akritikoan hartzen badugu gertatu leike, zenbakiei bakarrik erreparatuz, dantzok bere esannahia ere galtzea,.. edo ez. Ez dakit, eta horrexegaitik uste dut ausnarketa beharrezkoa dela.

Dena den, badago momentu bat non emakumezkoen parte-hartzea beharrezkoa egiten dena: mutilik ez dagoenean dantzarako. Eta hemen doa mutil eta gizonontzako ausnarketa: kultur transmisioaren gaian ez ote gara utzikerian erortzen behin eta berriz? Zergatik hizkuntzaren transmisioan amak izan dute ardura ia osoa euskararen berreskurapenean? Zergatik Magisteritza fakultateetan neskak dira nagusi portzentai oso altuan? Eta horren ondorioz, zergatik Lehen Hezkuntzako ikastola eta eskoletan andereñoak dira nagusi? Zergatik eskola eta ikastoletako guraso bileretan amak dira nagusi? Zergatik zinemetan publikoa gehien bat da femeninoa? Zergatik irakurle taldeetan gehienak dira emakumeak? Zergatik musika eskoletan txistua, trikitia eta panderoa ikasten gehienak dira neskak? Zergatik herri bateko dantza taldean ezin dira zortzi mutil batu soka-dantza edo ezpata dantza bat egiteko?

Galderak gehiago dira erantzunak baino baina gizon eta mutilok argi izan behar dugu Hezkunta eta Kultura ere gure ardura direla, ez gaitezen utzikeritan erori.

Urriaren 31an Gernikan Busturialdeko Dantzari Nagusien Jaia ospatu dugu. Bertan Urdaibai inguruko dantzariak izango dugu aukerarik gai hauek eta beste batzuk ere lantzeko, afal ostean bada ere.

 

Leave a Reply