Munich Alemaniako Bavaria estatuko hiriburua da. Bilboko aireportuarekin hiru lotura ditu egunero eta horregatik asteburuko osteratxo bat egiteko aproposa iruditzen zait. Egia esan, sorpresa handia izan da niretzat, ez nuen pentsatzen hain hiri erakargarria izango zenik Oktoberfest jaialditik aparte.
Zer egin Munich hirian?
Galdera hau entzunda ziuraski erantzun ohikoena garagardoa edatea izan daiteke baina badaude askoz gauza gehiago hiriaz disfrutatzeko. Adibidez hiria oso laua da eta txirrindua erabiliz hiriko parke, kale eta eraikinekin disfrutatzeko aukera ederra izango dugu. Erdigunea oinez ibiltzeko aproposa da eta Marienplatz inguruetan dauden eraikinetako fatxadak miretsi ditzakegu. Residenz eta Unibertsitate gunea ere ederrak dira.
Bestalde leku batetik bestera ibiltzeko garraio publikoaren sarea oso hedatuta dago eta oso erraza da erabiltzeko, bereziki tranbia eta metroa. Hauptbahnhof Central Station erreferentzi moduan hartuta hiriko edozein tokira erraz heldu zintezke.
Munich eta garagardoa.
Munich betidanik egon da lotuta garagardoaren produkzioarekin eta horren ezaugarri da hirian sei garagardo marka desberdin ekoizten direla: Augustiner, Hacker-Pschorr, Hofbräu, Löwenbräu, Paulaner eta Spaten-Franziskaner.
Gauzak horrela kontutan izan behar da normalean hiriko garagardotegi bakoitzean marka bat bakarrik saltzen dela eta kanpokaldean dauden marken logoek adierazten dutela zein den taberna horretan edaten den garagardoa. Janaria ere egoten da eta ohikoak izaten dira saltxitxak, txerri ukondoa edo oiloa, dena patata (kartofell) edo aza fermentatuarekin (sauerkraut).
Gu bitan egon ginen: Hofbräuhaus eta Der Pschorr. Egia esateko, naiz eta Hofbräuhaus askoz ere famatuagoa izan, niri Der Pschorr askoz gehiago gustatu zitzaidan. Tratu hobea, janaria hobea,…
Der Pschorr Viktualienmarkt plazan dago kokatuta. Bertan merkatua egoten da zabalik astegunetan eta bazkaltzeko aukera ugari aurkituko dituzu bai plazan bertan (arrain eta itsakiak) edo estalitako merkatuan (italiarrak, begetarioanoak,..) eta baita delicatessen denda ederrak ere.
Bestalde ohikoak eta ugariak dira gaztainondoen itzalpean eta egurrrezko mahai eta bankuekin kale eta parkeetan ikusiko ditugun garagardotegiak (Biergarten), bertara zure janaria eroan dezakezu eta garagardoa bakarrik ordaindu. Aproposak garagardo-picnic bat egiteko.
Munich-eko parke eta zabalguneak.
Nymphemburg jauregia.
Sekulako parkea duen jauregi barrokoa da. Parkera sartzea doakoa da baina ezin dira bizikletak sartu. Jauregia dagoen zabalgunea itzela da (800.000 m2-tik gora) eta munichtarrek asko disfrutatzen dute bertan paseoan edo korrika eginez.
Englischer garten.
Europako parke urbanoetan handienetarikoa (3.7 km2) eta New York-eko Central Park baino handiagoa. Izugarria da bertan dagoen mugimendua: lakua, Dorre txinatarraren biergarten–a, teatroa, eta baita surfa ere!!!
Olimpiapark.
Munich-eko beste sorpresa bat; berezki duen biziarengatik. Egonda nago beste gune olinpiko batzuetan jokoak pasatu eta urte batzuetara eta denak hilda daude (edo ia-ia) baina Munich-ekoa bizi-bizi dago. Estadioan kristalezko sabaitik paseoa edo tirolina egin dezakezu. Mark Spitz-ek zazpi urrezko domina lortu zituen piszinan bainatu. Ia berrehun metro duen dorrera igo edo lasaiago, eguzkia hartu edo bizikletan buelta bat emon. Hiru edo lau biergarten ere badaude, noski.
Olimpiaparketik hurbil BMW Welt erakusketa gela daukagu. Kotxeak gustatzen bazaizkizu ezinbestekoa da bisita. Gainera doan da!
Leave a Reply