Berria egunkariak Andoni Sanz irakasleari egindako elkarrizketaren harira.
Ostiralean harrituta irakurri nuen Berria egunkariak Andoni Sanz irakasleari egindako elkarrizketaren izenburua: «Nagiak izan behar dugu: teknologiaren erabilerak sinplea izan behar du».
Andoni eta bere lana ezagututa artikuluaren izenburua deigarria egin zitzaidan eta goitik-behera irakurri nuen. Suposatzen nuena… Artikulua ez zijoan sinpletasun horri lotuta (hori ez zen artikuluaren gaia) eta orokorrean Andonirekin ados nengoen baina tekno-alferren asunto horrek iruzkin bat idazteko gogoa eman zidan. Pentsatuta luzeegia izango zela, hemen, nire asteroidetxo honetan erantzutea erabaki dut.
Nire ikuspuntua: Teknologiaren erabilerak sinplea izan behar du, bai, baina irakasleok ezin gara tekno-alferrak izan .
Ausubelen arabera ikasketa prozesua esanguratsua izateko (ikus aprendizaje significativo), hau da, gaitasunak barneratuta izateko, gai berriak zure aurreko ezagutzekin lotu behar dituzu eta konexio horiei esker ezagutza berria sortuko da. Hau ikasketa mekanizistaren aurka doa, non normalean gauzak buruz ikasten dira eta ez dago gaien arteko inolako loturarik.
Teoria hau irakasleon formakuntza prozesuekin ere lotu behar da. Andonik berak artikuluan esaten duen moduan, teknologiak hain azkar doaz aplikazio edo herraminta bat erabiltzen ikasten duzunerako zaharkitua geratzen dela. Beraz, teknologia sinpleak bai baina irakasleok teknologia hoien printzipioak ezagutu behar ditugu, barneratu; ingurumen berrietan aplikatu ahal izateko.
Behin baino gehiagotan gertatu zaigu aplikazio berri batek interfazea aldatzea sinpletasunaren izenean eta erabiltzaileok galduta ibiltzea (adibidez Windows 7tik Windows 10era pasatzerakoan). Zelan egiten dio aurre arazo honi tekno-alfer batek? Ziuraski eguneratu barik utzita bere ekipoa behar-beharrezkoa izan arte. Hau da, ez da mugituko derrigorrezkoa izan arte eta orduan trena berriro pasatu da.
Honek ekarten dit gogora tekno-alferren zerrendak ziurrenik oraindik testu-liburua “Liburu Santu” moduan erabiltzen duten irakasleen zerrendarekin bat datorrela. Galdera da: funtzionatzen badie, zergatik aldatu behar dute? Baina, zer da “funtzionatu”?
Nik argi daukat. Herri moduan aurrera jarraitu nahi badugu Zientzia eta Tekologia arloak (besteak albo batera utzi barik) garatu behar ditugu, gutxienez gure inguruko herrialdeek duten mailetara eta horretarako gure ikasleon ikasteko gogoa, griña, sormena,… azken finean Pekka Himannen filosofoak esaten duen moduan, “hacker ispiritua” garatu behar dugu.
Baina irakaskuntzan, bereziki gaitasunetan oinarritutako hezkuntzan, “ispiritu” hori ezin da garatu irakasleok eredu ez bagara, gu ere “hacker irakasle” izan behar dugu. Ikaste prozesuak garatzerakoan edo prozesu hoietan teknologia batzuk sartzerakoan erantzun beharreko galderak izan behar dira: zergatik? zein da oinarria? zeintzuk ondorioak? zer prozesu zientifiko edo teknologiko daude atzean? zer oinarrizko eduki eta gaitasun behar ditugu teknologia bat aplikatzeko? Eta sinpletasunak ausnarketarako puntu bat izan behar du baina ez bakarra eta ezta erabakigarria ere.
Dena den gai honetan badaude jorratu beharreko beste arlo batzuk ere. Adibidez, nire ustez, gelan erabiltzeko teknologiak printzipioz estandar batzuk bete beharko lituzkete eta estandar horiek irekiak izan beharko lirateke. Horrek emango liguke aukera sistema hoiek oinarritzat hartuta gauza berriak garatzeko, ikasleen sormena eta gaitasunak ere garatuz. Badaude gai hauetan arrakasta izan duten adibide ederrak: Scratch, Raspberry Pi, Arduino, Geogebra,…
Andoni
Josu,
Aurkezpenak xehetasunetarako parada zabalagoa eman zuen Berriako artikuluak baino. Tekno-alferkeria ideia hauen harira zetorren:
– Ez birasmatu gurpila (adib, ez programatu Moodle berri bat, bera daukazunean).
– Ez nahastu hamaika aplikazio nahasteagatik.
– Ez diseinatu etorkizunean eskalatu ezin izango diren irtenbideak.
– Eta abar…
Azken urteotako konferentzietan horrelako ildoetatik doazenak ikusi ditut. Tekno-alferkeria hori adierazteko metafora izan da (baita arreta probokatzeko ere).
INTEFerako MOOCa argitara ematen denean (Liderazgo en tecnología educativa) ikuspegi borobilagoa ikusteko aukera izango dugu 😉 Oraindik ere eratze fasean gabiltza. Zuen zentruko tekno-estrategiak erakutsi nahi izanez gero Espainia mailan ezagutzera emateko, ez zalantzarik eduki eta jarri kontaktuan nirekin.
Betikulez, plazerra zure iritzi ta berbak entzutie.
Andoni.