Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

LIBURUAK

Elkarrekin esnatzeko ordua

Elkarrekin esnatzeko ordua. Kirmen Uribe. Susa.

Noche de artistas en Ibaigane

Noche de artistas en Ibaigane. Antonio de Guezala. 1927 Bilboko Arde Eder Museoa

Liburu honetan Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak bere herriko, eta gertuko duen Letamendi-Urresti familiaren benetako historia kontatzen digu. Horretarako biografiatik urrunduz narratibara jotzen du Uribek.

Abiapuntu moduan Antonio de Guezala margolari bilbotarraren “Noche de artistas en Ibaigane” lana hartzen du, bertan Txomin Letamendi tronpetista, eta nobela honen protagonistetako bat, agertzen omen delako pianoaren atzekaldean.

Itxuraz hain zoriontsu den gizarte batean gerra hasten da eta protagonisten bizitzak, eta euskaldun askorenak, betirako aldatuko dira. Gerra, erbestea, konpromiso politikoa, …

Karmele Urresti erizaina eta Txomin Letamendi musikoa Parisen ezagutuko dira Eresoinka taldearekin munduan zehar euskal nortasuna eta propaganda zabaltzen zenbiltzanean. Bertan agertuko dira Antonio de Guezala margolaria eta baita Manu Sota ere.

Bigarren Mundu Gerra dela eta Caracasera egingo dute ihes Agirre Lehendakariak zerbitzu sekretuetako partaide Bilbora itzultzeko eskatu arte.

Kontatzen dena benetan gertatutakoa da eta dokumentatuta omen dago. Istorioa oso era zinematografikoan kontatuta dago eta nahiz eta gauza asko gertatu eta oso korala izan, erraz ulertu eta ikurtzeko modukoa da. XX. mendeko euskaldun famili askoren islada dela esan genezake. Gerra bateko galtzaileen historia, prest zeudenak faxismoaren kontrako borrokan jarraitzeko irabazteko asmo tinkoarekin, nahiz eta gero bizitzak, eta munduak buelta asko eman.

Liburua tranzisio garaian amaitzen da, nahiz eta gero epilogo moduan edo XXI. mende hasierako gogoeta batzuk agertu. Atentzioa deitu dit ia berrogei urteko hutsune bat dagoela. Gure garaiko urteak eta agian gizarte moduan, euskaldunon garai ilunenetarikoak direnak. Liburua oso modu narratiboan dago idatzita baina bukaera aldean oso Uribetarrak diren gogoeta batzuk agertzen dira. Gure momentu historiko honetan, 2017ko apirilean, denak “errelato” hitza ahoan dutenean kontutan hartzeko modukoak iruditu zaizkit eta horregatik liburutik hartu eta hemen jarriko ditut:

 “Ze unetan pasatu ginen gu, herri bezala, izotzaldi luze batera? Gure kontzientziek ere orbita aldaketa bat izan al zuten? Zergatik ez genuen aurreikusi, gizabanako eta gizarte bezala, gerora gertatuko zena? Zergatik ezin izan genuen geratu indarkeria espiral hura? Zergatik isildu ginen askotan? Zergatik ez genuen onartu bestearen sufrimendua? Zergatik bihurtu ginen harrizko, Ondarroako elizako irudi haien antzera?
Ez naiz gai orain galdera horiei taxuzko erantzunik emateko, ez naiz nor sentitzen balizko erantzun horiek neure buruari sinetsarazteko ere. Baina, behinik behin, egun nahi dudana da atzera begiratu eta orduan sufritu zuten guztien lekuan jartzea, beraien mina sentitzearren neurea balitz bezala. Eta ondoren beraiei entzun, banan-banan entzun, nahiz eta haien kontakizunak desberdinak edo kontrajarriak izan; eta gero egiara hurbildu, jakinik egia osagarria dela beti, pieza asko dituena, pertsonak adina agian, eta ikuspegi eta sentipen desberdinak biltzen dituela bere baitan. Bihoztu nahi nuke garai berri bat, abian dena dagoeneko, klima epelago batekin, justua eta librea. Badakit denbora behar dugula, baina bagoaz pixkanaka, eta gainera, Simone Weilek zioen bezala, nahikoa da bi edo hiru pertsona oinez hastea, ondotik jendarte osoa bide beretik joan dadin.

 

 

Leave a Reply