Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

LAGUNTZA - TIPS

Arbelaren historia Windows 10en

Arbela

Nire ustez ordenagailuan gehien erabiltzen ditugun teklen konbinazioa “Ctrl” + “C”, “Ctrl” + “V” izango da. Kopiatu eta itsatsi. Artikulu hau idazteko ere hainbatetan erabili izan dut. Zelako asmakizuna!

Oso ondo funtzionatzen du banakako testu-blokeak bikoiztu nahi badituzu, baina bloke bat baino gehiago erabili nahi izan ezkero eta gauzak azkar egin nahi izan ezkero ez da hain erabilgarria. Hor agertzen zaigu arbelaren historiala .

Arbelaren historialari esker, nahi beste elementu kopiatu ditzakezu arbel birtual batean, eta, horri esker, azkar eta oso modu erosoan itsatsi dezakezu une bakoitzean behar duzun testua.

Kopiatzeko eta itsasteko ohiko lasterbideak erabiltzen badituzu, kopiatu duzun azken elementua bakarrik itsatsiko da. Beste elementu bat berriro kopiatzen duzunean galdu egiten da aurrekoa. Aldiz, “Windows” + “V” teklen konbinazioa erabiliz gero, aparteko leiho bat irekiko zaizu eta bertan arbelean kopiatutako bloke (eta irudi!) guztien zerrenda agertuko zaizu. Behar duzuna aukeratu eta listo!

Agian aukera hau desaktibatuta daukazu zure ordenagailuan. Aktibatzeko pausu hauek jarraitu behar dituzu:

Windows Hasiera > Konfigurazioa > Sistema > Portapapeles

Eta ondorengo irudia agertuko zaizu (pantaila hauek erdaraz agertzen dira nahiz eta sistema eragilea euskaraz izan!)

Pantaila horretan hiru gauza egin ditzakezu:

  • Arbelaren historiala aktibatu.
  • Arbelaren historiala zure Mcrosoft kontua aktibatuta duzun gailu guztiekin sinkronizatu.
  • Arbelaren historiala garbitu.

Niri oso erabilgarria iruditzen zait, eta zuri?

Leave a Reply