Eusko Jaurlaritzak, Tontxu Campos sailburuen ahotik hizkuntza ereduak aldatzeko egindako proposamena zentzuzkoa dela iruditzen zait.
Orain 25 urte egindako aukerak orduan finkatutako helburuak ez ditu bete, gutxienez euskararen ikasketan, eta aldaketaren ordua dela deritxot. Momentu honetan indarrean dauden ereduak ez dira gai izan herritarrok bere gaitasunak erakusteko ofizialak diren hizkuntza bietan eta momentu honetan baita hirugarren hizkuntza baten ere.
Gainera inmigrazioa dela medio, gure gizartea aldatzen doa eta ghetoak sortzeko aukera handia da, (edo sortu dira dagoeneko) eta gizarte kohexioari kalte handia egin dezaioke.
Bestalde badirudi alderdi politiko guztiek (edo behintzat gehienek) aldaketaren alde daudela, baina eztabaida gehien sortu duen gaia helburuen ebaluaketari buruzkoa izan da. Nire ustez ondo dago 16 urterekin B2 maila helburutzat hartzea bai euskaraz eta baita gazteleraz ere.
Dena den, gustatuko litzaidake politikoek, proposamena eztabaidatu aurretik Atxagak Euskaltzaindian egindako Sarrera Hitzaldia irakurtzea eta hausnartzea. Bereziki ondorengo zatia:
"… eta Apalasagasti izeneko etxeraino iritsi da erorketa bigunean. Izan ere, han jaio zen, 1903. urtean, Antonio Arrue. Abokatua izan zen ogibidez, Comunión Tradicionalistakoa politikan, eta beraz Franco jeneralaren aldekoa gerran. Horretaz gain, euskaltzalea izan zen, hots, maitatu eta bultzatu egin zuen bere lehen hizkuntza. Euskaltzaindikoa ere izan zen, eta berak taxutu zuen, lege kontuetan trebe zenez, erakundearen arautegia.
Bultzatu egin zuela euskara diot, baina hobe da agian babestu egin zuela esatea. Diktaduraren garaian, gerra aurretik 1965era arte edo, euskal kulturak hari gutxi batzuk bakarrik izan zituen aurrera egiteko, eta zalantzak ere bazeuden, ez ote ziren hari horiek etenda geratuko. Halakorik gerta ez zedin, Ameriketako deserritik egin zuten lan Zaitegik, Ibiñagabeitiak eta hainbatek; beste batzuek, Mitxelena buru, hemendik bertatik. Horietakoa genuen Antonio Arrue. Hari esker atera ahal izan zen euskal klasikorik eraginkorrenaren liburua, Axularren Gero mila aldiz aipatua. Esku izan zuen, gainera, Egan aldizkariaren jarraipenean eta Euskaltzaindiarenean. Arduratu zen, bestalde, literaturaz ere, eta bere hitzaldi batean Gabriel Aresti goraipatu zuen. Jabetu zaitezte: Comunión Tradicionalistako gizon bat Alderdi Komunistatik oso hurbil ibili zen beste baten lana goraipatzen."
Leave a Reply