Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

BIDEGILEAK

Bidegileak (III). Identitatea. Jon Azpillaga

Atzo lanetik etxerako bidea egiterakoan irratian entzun nuen notizia: Jon Azpillaga hil da.

Jon Azpillaga

Arg.: Andoni Canellada / Argazki Press

Kotxea leku zoragarria da hausnarketarako. Ez zaizue inoiz gertatu kotxea gidatzen zoaztela leku batera heldu eta ezin jakin nola heldu zareten haraino? Pilotu automatiko birtuala jartzen dugu, burmuina bere burutazioetan hasten da eta heldu, heltzen gara, baina ez dakigu zelan.

Horretariko gertakizun bat izan nuen atzo Azpillaga handiaren heriotzaren berri izan nuenean: nire burua gazteagoak ginen denboretara abiatu zen “derrepente“.

Denbora haietan (eta orain ere hala dela uste dut) gure herriko jaietan beti egoten zen bertso saio eder bat herriko frontoian. Gu ez ginen halako bertsozale amorratuak, baina urteko saiotxo hori pozik dastatzen genuen.

Egungo Barsaren “tridente” famatu horren moduan, bazegoen orduan bertsolari laukote eder bat Bizkaian:  Amuriza, Enbeita, Lopategi eta Azpillaga

Azpillagak agian ez zuen Amurizaren sakontasuna, Enbeitaren lirikotasuna, ezta agian Lopategik hizkuntzarekin jolasteko zuen erraztasuna; baina garai haietan, demokrazia jaio berri haren garaietan, uste dut oso argi zeukala entzuleak entzun nahi zuena zer zen. Eta entzuleak erraz sartzen zituen poltsikoan.

Bere gorpuzkera handiarekin, bere tenore ahots indartsuarekin, gure euskaldun izatearen kontzientziak piztu zituen. Eta hori zen, nire ustez, bere helburu nagusia: kontzientziak piztea.

Testutxo hau idazteko informazio bila ibili naiz sarean eta Bertsozale Elkartearen webgunean datu-base eder bat dago non jaialdi piloa dagoen audio formatuan. Bertan aurkitu ditut 1997ko Andramarietan bere lagun-minarekin batera, Jon Lopategirekin, botatako bertsoa… amaiera esanguratsua daukana:

“…ta esnatuta jarri genduzan

lotan egozan guztiak”

Goian bego Azpillaga jauna.

Leave a Reply