Atzo aukera izan nuen Benito Lertxundi abeslariak Euskalduna Jauregian (Bilbo) eskaini zuen kontzertura joateko. Denboratxo bat zen dagoeneko ez nindoala "Orioko bardoa" entzuten eta animatu ginen ia familia osoa.
Egia esan oso desberdina da holako kontzertu bat Euskaldunan izatea edo soinu trakets bateko edozein herriko frontoi batean eta hori eskertzekoa da. Gainera uste dut Benito eta bere taldea beti saiatu direla soinuaren asuntoa zaintzen.
Kontzertua borobila iruditu zait nahiz eta hasieran hotz samar hasi zen. Bere disko berriko abestiak (Itsas ulu zolia) aurreragoko beste batzukin eta instrumentalekin tartekatu zituen oso erritmo onean. Ba ziren agian bi urte ez nindoala Benitoren kontzertu batetara eta esan behar dut atzokoan nabarmen aldatuta ikusi dudala. Ez bera baina bai bere estiloa. "Hitaz oroit" diskoan nabariak ziren aldaketak eta folk melodia hutsetatik Leonard Cohen estilo baterantzako mugimendua nabaritu nion. Atzokoan jazz puntu bat ere nozitu nion, agian Juantxo Zeberio eta Angel Unzu artista handien inkorporazioagatik, eta gustura entzuten dira abesti batzuetako moldaketa berriak. Kutxo Otxoa eta Pello Ramirez korda bikoetearen ekitaldiak hunkigarriak oso, kristorenak.
Bestalde produkzioa oso ona iruditu zitzaidan, multimedia toketxoekin eta askotan entzuleen parte-hartzea bilatuz; bai txistua jotzen, bai leloak abesten,…
Kontzertu "ofizialak" ordu terdi pasatxo iraun zuen, baina denok genekien hor ez zela amaitzen gaua. Benito eta bere taldea bi aldiz gehiago irten behar izan zuten eszenatokira. Jendeak "Bizkaia maite", "Erribera" edo "Zenbat gera" entzun nahi zituen eta argi zegoen handik ez zela inor mugituko hoiek entzun arte.
Baina momentu hunkigarriena amaieran gertatu zen. Euskalduna Jauregian zeuden guztiek zutunik eta txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten Benito, Olatz eta konpainia eta kamerinoetako bidean zirela, besaulki-patiotik publikoa "Oi Ama Euskal Herri" abesten hasi zen. Benitok hunkiturik, buelta eman eta "a capella" lagundu zien txalo zaparrada baten artean.
Leave a Reply