Euskal Herrian dantzaria izatearen garrantzia orain, XXI. mende moderno honetan, agertzen zaigu gardenki. Lehendik ere halaxe izango zen baina aurten argiago ikusten ari gara. Lehenago Unibertsitateko Errektorea izan zen eta orain, sorpresarik ez badago behintzat, Lehendakaria. Kasu biak oso desberdinak dira, Patxi Lopez jaunak aspaldi utzita baitu dantzari izateari baina gai hau kanpainan erabiltzea "bitxia" iruditu zait. Dena den, nik uste dut dantzari sena betirako geratzen dela hor, burmuineko nonbaiten.
Horregatik, niri oso ondo iruditzen zait Euskal Herrian etengabe dantzatzen ari garen soka-dantza honetan Patxi Lopez jaunak aurreskularia izan nahi izatea. Asuntoa da zelan helduko den aurreskulari izatera eta nor joango den atzesku. Lehenengo, postu horretarako ex-professo egindako arauak dantzari piloa kanpoan utzita, errazago izan du hainbeste denbora entseatu barik egon den dantza dantzatzeko. Hala ere, gero jakin behar da ganorazko maiordomoak izendatzen dantzarako neska aukeratzeko orduan, zeren agian berak nahiago zuen Izaskun Bilbao, Laura Garrido baino. Behintzat horrela kontatu zion Maria Antonia Iglesias-i bere "Memorias de Euskadi" liburuan:
«PSEk beti pentsatu izan zuen, EAJk gu gabe politikarik egin ezin duen edo egin beharko ez lukeen bezala, guk ere ezin dugula politikarik egin beraiek gabe. Benegasen garaitik, gaurdaino. (…) Jarraitzen dugu pentsatzen herria egiteko beharrezkoa dela nazionalisten eta ez nazionalisten arteko elkar ulertzea, bereziki PSEren eta EAJren artekoa. Hori da herriaren ardatz nagusia. EAJk ulertu egin beharko luke, guk beti ulertu dugun bezala» Imanol Muruak Berrian jasotakoa.
Asuntoa da Ares eta Pastor jarri zituela maiordomo gisa eta hoiek Antonio Basagoiti atzeskurako aukeratu zuten (nahiz eta honi Sheraton Hoteleko sevillanak gehiago gustatu). Antoniok "gallito-gallito" esan zuen berak ipiniko ziola neska Patxiri, eta orain Laurarekin dantzatu behar. Eta badakizue, dantza-soltera ondo baina balseoan… Laurak Patxi "patoso" samar ikusten badu, argi dago zer esango dion: "zu utzi, nik eramango zaitut".
Agian Egiguren eta Etxezarreta izan baziren maiordomoak atzesku Juan Jose Ibarretxe izango zen eta orduan bai, Izaskunekin dantzatuko zuen. Horrela Rikardo ere pozik geratuko zen. Baina Juanjo aurreskurako dago eta ez atzeskurako, horrela ez bada ez du dantzarik egingo eta txirrinduan ibiltzen joango da.
Egia esan, Patxik txikitatik izan du gustuko Xemeingo Ezpata-dantza, beti nahi izan du han goian egon, ezpata-txikiak dantzan ipini eta besteak egin dezatela zutoina. Urte hauetarako, bere lagunak nahiko izan ez eta, Antonioren lagunak ipiniko ditu zutoinean, laguntzen. Gainera zutoinaren egituran, norbaitek ezpata uzten badu, ez da ezer gertatzen. Denbora dago beste batzuk bilatzeko. Agian Juanjoren lagunen batzuk.
Dena den, Antonioren lagunek ez daude prest Xemeingo ezpata-dantza dantzatzeko. Uste dute ez duela emozio askorik. Nahiago dute Kaixarranka. Hor bai emozioa eta bertigoa. Gainera baten batek kaixa uzten badu, zelako golpea hartu behar duen Patxik! Mihiluzeek diote Antonioren lagunek entsaio gutxi egiten dutela (Sheraton nahiago agian) eta gutxi hoietan Gorularietako Domingiloari Patxiren aurpegia ipini diotela. Hau bai benetako "euskal-vudua"!
Bitartean Patxik Luzaideko dantzen jantzi dotoreak, paparreko ikurrinaren pina bezala, ligatzeko erabiltzen ditu. Badirudi funzionatzen duela, jende ugari datorkio aldamenera. Baina ez da konturatu hori ezin duela egin. Hori nafarren aurka egitea dela, alboko auzoko taldean sartzea izango litzateke. Eta hori beraiek erabaki behar dute, ez guk! Agian denok batera? Gauza da jantzi hauek erabiltzen baditu Aintzane Ezenarro ere erakarriko lukeela polketarako, Laura albo batera utzita. Baina Patxiren erreferentziak ikusita ("… y recorrió Euskadi y parte de España en alpargatas y traje de dantzari."), uste dut ez Izaskunekin (dirudienez Interrail batekin Europatik ibiliko baita) ezta Aintzanerekin ere ez duela ezer lortuko eta Laurarekin konformatu beharko dela. Herri honen honerako?
xabat
laura beharrean arantza quiroga izango omen da;
oso ona, dena den!
Administrator
@xabat: ba arrazoia zeneukan Arantza zen dantzarako bikotea. Pozten nau zure gustukoa izateak. Eskerrik asko zure iruzkinagatik