Badakit filmak jatorrizko bertsioan ikustea "nekosoa" dela, bereziki ez baduzu filmaren hizkuntza ondo menperatzen. Nekaldi hori arintzeko beste herrietan ez bezala Euskal Herrian bikoizketara jo da maiz euskararen edo gazteleraren aitzakia dela eta. Beste aukera bat azpitituluena da, baina ez gaude ohituta eta ematen du jendeak, gauean afaldu ondoren, nahiago dituela gauza arinak (Jezulinen abenturak edo Championseko partidak,…).
Badakigu filma jatorrizko bertsioan eta bikoiztutakoan ez direla berdinak baina ala eta guztiz ere ez dugu amorerik ematen. Dena den badago beste motibo garrantzitsu bat ere: ikusleen hizkuntzekiko begirunea eta gaitasunak garatzeko erabiltzea. Dirudienez Portugalen urte batzuk daramatzate filmak jatorrizko bertsioan ematen azpitituluekin eta biztanleen hizkuntzen ezaguera maila asko igo omen da.
Baina inork ez du lehenengo pausua ematen, ezta kate publikoek ere. Bakarrik sarean ditugun baliabideren batzuk erabilita (Manterola proiektua adibidez) gure kaxara ikus ditzakegu filmak jatorrizko bertsioan.
Horregatik oso ausarta iruditu zait Hamaika telebistaren apustua. Asteazken gauean filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ematen hasi dira. Dagoeneko Fahrenheit 451 eta Tarantula eman dituzte eta hurrengo asteetarako programaturik dauden filmen zerrenda ere oso interesgarria da: Charada, The third man, The 39 steps, The man who knew too much, Freaks, Drakula, Metropolis, Un chien andalou, eta abar.
Nik Fahrenheit 451 ikusi nuen eta egia esan atentzio pixka bat gehiago ipini behar duzu haria jarraitzeko baina pelikulak "benetakoa" ematen zuen.
Leave a Reply