Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

Bilbao-New York-Bilbao

Bilbao-New York- Bilbao Bilbao – New York – Bilbao. Kirmen Uribe. Elkar. 2008.

Aspaldian ez dut irakurri hain sentimendu goxoak sortu dizkidan libururik ezta hain hurbil sentiarazi nauenik ere.

Ez dakit kasualitateak izan diren baina liburua irakurtzen nenbilela ugariak izan dira ustekabekoak.

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak bere familiaren hiru belaunaldiren historia kontatzen digu horretarako aitzaki moduan New York hirira egindako bidai bat erabiliz.

Herri arrantzalea da Ondarroa eta XIX. mendetik XXI. mendera arteko bere familiako bizitza errealak, baina baita asmaturikoak edo sasi asmaturikoak ere, zehaztasun osoz erakusten dizkigu: Gerra Zibila, arrantzaleen bizitza Irlandako itsasoetan, gaur egungo bizimodua,… Arrantzaleen munduak sorrarazten duen epika eta baita lirika ere argi ikusten dira liburu honetan. Horretan herrikide zen Txomin Agirreren Kresala etorri zait burura juxtu 21. kapituluan. 22.ean Uribek berak aipatzen du Agirre herrikidea. Lehenengoko ustekabea.

 Beste ustekabetako bat izan da oso ezaguna egin zaidala historia. Nire aititek ere Bastida arkitektoak bezala, New Yorkerako bidea hartu zuen beharrizanak bultzatuta gerra aurretik. Horregatik oso hurbila egin zait Bastidatarren bidaia. Bestalde, eta naiz eta ni herri arrantzale bateko "terrestrea" izan, oso hurbilekoak egin zaizkit hogeigarren mendeko abizen batzuk Asmor, Larrauri, … Nire aita Bermeoko taxista zen eta askotan joaten zen gauerdian Bermeoko alturako arrantzaleak Ondarrura eramaten, beraz abizen hoiek "etxekoak" egin zaizkit.

Beste ustekabe bat ere aipatu dut aurreko batean.

Beste gauza bat asko gustatu zaidana izan da zelan erakusten dituen Euskal Herrian agertzen diren kontrasteak (eta askotan kontraesanak): nazionalak eta errepublikanoak edo abertzaleak, bertakoak eta kanpokoak, emigrazioa eta inmigrazioa, borroka armatua eta eguneroko bizitza.

 Bestalde liburua oso modernoa eta oso poetikoa iruditu zait. Kontatzeko era, pastilla txikitxoetan eta trama mixtura baten moduan ageraraziz, bikaina iruditu zait. Gaur egungo gaietaz baliatzen da betirako joandako gizarte bati buruz hitzegiteko (posta elektronikoa, mugikorrak, abioiak,…). Pasarte batzuetan egindako aipuak Twiterreko sarrerak ematen dituzte. Irakurtzeko modukoa.

1 Comment

  1. Noe

    Bat nator zurekin agian liburuko onena ikuspuntua dela, narratzeko modua. Eta agertzen duen Euskal Herria nolabait euskal herri sentimentala dela, denok identifikatzeko modukoa. Gainera, pertsonaia gehienak errealak, benetakoak izanik eta ez asmatuak, gertatzen da bat baino gehiago ezagutzea.

1 Pingback

  1. ESALDIA | Josu Orbe

Leave a Reply