Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

EUSKADI-SIOUX

Kit-Kat bat Bakearengatik

Astelehena, goizeko hamaikak, tripa-zorriak dantzan hasi dira eta zure kafe-makinara zoaz.

San Martinetako gehiegikeriek urdaila larri utzi dizute.

Konturatu zara kafesne hutsak larriago ipiniko zaituela eta gutizia makinara hurbildu zara. Sandwichak daude: mixtoak Yorkeko urdaiazpikoarekin edo Iruñako txorizoa dutenak. Bat-batean, txerri gizajoekin gogoratu eta konturatu zara aurten kurrin-kurrin egin beharrean Currin-Currin sumatu dituzula.

Gorago begiratu duzu, txokolatezko opilak eta abarrak dauden tokira. Kolore gorrizko poltsatxoak ikusi dituzu. Bai, han zeuden Kit-Kat barratxoak.

Supituki Brianen bizitza pelikula etorri zaizu burura. Bai, han ere ustekabean Brian agertu zen Jainkoak bidalita, mundu hartako gaitzak konpontzeko. Pentsatu duzu: “Eta gure Brian-ek lortuko balu?

Erabakia hartua duzu dagoeneko. Gabon hauetan, Jesusek egin duen moduan, Olentzerori BAKEA eskatuko diozu.

Bitartean makinatik Kit-Kat pakete bat atera duzu eta zure lanpostura bueltatu zara ezpainetan irribarre itxaropentsu batekin.

Eta Kit-Kat bat egiten badugu Bakearengatik?

Leave a Reply