Hil honetan Danimarkako hiriburua bisitatzeko aukera izan dugu. Hona hemen hiriak eskaintzen dituen aukeretatik niretzat ezinbestekoak diren hiru.
1.- Bizikleta hartu eta pedalei eragin.
Kopenhage da Europan bereziki txirrindularientzat kilometro gehien eskaintzen dituen hiriburua. Hiriaren neurriak eta orografiak ere asko laguntzen dute. Oso erakargarria da hiriko kaleetan zehar bai oinez eta bai bizikletaz gora eta behera ibiltzea, noraezean. Erraz aurkituko dituzu gauza interesgarriak.
Dena den, bizikleta hartzen duzunean kontutan hartu behar dituzun ohartxo pare bat:
- Bizikletentzako “bidegorriak” normalean norabide bakarrekoak dira eta kaleetan bide bi egoten dira norabide bakoitzeko bat. Norabide aldaketak egiteko zebra bideak erabiltzen dituzte eta oinez, bizikletatik jaitsita zeharkatzen dituzte.
- Bizikleten trafikoa handia da eta bertakoak abiadura handian ibiltzen dira trafiko seinaleak errespetatuz. Ohikoa da, eta nik esango nuke derrigorrezkoa, zure maniobrak denboraz adieraztea besoak erabiliz.
Hiriaren erdigunea erraz ikusiko duzu oinez (Slotsholmen, Nyhavn,..) baina hortik pixka bat irten nahi izanez gero bizikleta oso era aproposa duzu hiria ezagutzeko. Guk hiriaren ipar-mendebaldea ezagutzeko erabili genuen: kanalak, Torvehallerne merkatua, Botanisk Have, Rosenborg Slot, Osterport, Sirenatxoa, Amalienborg,..
Bizikletak hoteletan edo udal zerbitzua erabiliz lortu ditzakezu.
2.- Tivoli.
Munduko bigarren jolas-parkerik zaharrena dugu Tivoli. 1843. urtean zabaldu zen eta esaten dute Walt Disney berak, bere proiektutarako inspirazio moduan erabili zuela. Egia esan oso polita da, xarma berezia du eta hiriaren erdigunean dago!
Sartzeko sarrera hartu behar da eta atrakzioetan ibiltzeko sarrerak aparte dira. Emozio fuerteak asko gustatzen bazaizkizu merezi du bonoa ateratzea. Parkea iluntzean bisitatzeak merezi du, argiztapenak itxura polita ematen dio eta.
3. Portuko itsasontzi turistikoak.
Ez nuen pentsatuko hain interesgarria izango zenik eta nahiko merke gainera (hamar euro inguru). Itsasontzi hauek ordu bateko bueltatxoa ematen dute portutik eta benetan merezi du. Gainera, kaskoak erabiliz, azalpenak entzun ditzakezu eta hiriko portuaren historiari buruz asko ikasi.
Leave a Reply