Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

UBUNTU

Ubuntu 9.10 Karmic Koala instalatu eta gero zer?

Azkenean egin dut. Nire laneko ordenagailuan Windows ezabatu eta Ubuntu GNU/Linux bakarrik utzi dut. Baten batek pentsatuko du ba zela garaia baina lizentzia ordainduta izanda,…

Egia esan ez zidan enbarazurik egiten baina nire /home direktorioa handitu beharrak batetik eta ext4 fitxategi sistemaren abantailak ikusirik erabakia hartu dut.

Eta esan behar dut oso pozik nagoela, ordenagailu berria daukat!

Behin erabakia hartu eta gero sistema instalatzen hasi naiz zerotik hasita. Lehenengo eta behin nire datuen babes kopia bat egin dut eta gero ordenagailua berrabiarazi dut CD irakurgailuan sistema eragilearen diskoa sartuta.

Sistema instalatzeko aukera  hautatu, euskara hautatu instalazio hizkuntza moduan eta aurrera. Aurreko instalazioetatik oraingoan irudi informatiboak agertzen dira denbora hobeto pasatzeko.

Partizioen pantailara heltzerakoan nik hiru egin ditut eskuz eta disko osoa aukeratuz; bat sistemarentzat (/), beste bat nire fitxategi eta datuentzat (/home) eta swap partizioa. Oso inportantea da zure /home direktorioa partizio desberdin batean izatea horrela zure konfigurazioak eta ondo babestuta izango dituzu eta oso era errazean  leheneratu dezakezu.

Ondoren egiteko lehenengoko gauza Software jatorriak ondo dauzkazula egiaztatzea da. Horretarako Sistema > Administrazioa > Software-jatorriak aukeratuko dugu, pasahitza sartu eta universe, restricted eta multiverse jatorriak aktibatuta ditugula egiaztatuko dugu.

Ondoren Eguneraketa-kudeatzailea erabiliko dugu sistemaren azken eguneraketak instalatzeko.

Hau egin eta gero, ziuraski  sistemak abisu bat emango du. Abisu horretan Hizkuntza paketeak ez daudela osorik instalatuta abisatuko digute eta euskarazko paketeak instalatuko ditugu. Sistema prest dago euskaraz baina nik beste doikuntza batzuk egin dizkiot.

Ubuntu Software Biltegia erabiliz OpenOffice.org Office Suite instalatu dut zeren adibidez Base ez du instalatu defektuz. Nik ez dut askorik erabiltzen baina…

Gogoratu euskaraz instalatzen baduzu zure sistema Ortografia zuzenketa ere euskaraz izango duzula lehenetsita.

Gero mp3 eta divx kodeak eta baita java eta letra tipoak instalatu ditut restricted extras instalatuz. Horretarako terminal batean hurrengo komandoa idatziko dugu,

$ sudo apt-get install ubuntu-restricted-extras

Ondoren Firefox-eko gustuko gehigarriak instalatuko ditugu: euskalbar, delicious, fireftp eta downloadhelper.

Gogoratu zure sistema euskaraz instalatzen baduzu nabigaziorako lehenetsitako hizkuntza hori izango dela eta beraz ez duzu hori konfiguratu beharrik.

Azkenik aukera garrantzitsuena, Thunderbird utzi eta Evolution erabiltzea. Kostatako erabakia izan da baina horrela garbiketa egin dut. Nire posta kontuak konfiguratu eta listo.

2 Comments

  1. Bihar

    Kaixo
    Zer dela eta thunderbird utzi eta evolution aukeratu? Zer irabazten da? Edo aukera pertsonala da?
    Ondo segi. Oso blog ona.

  2. @Bihar: Ba gehienbat aukera pertsonala izan da. Zertarako instalatu beste software bat “de serie” aukera berdinak eskeintzen duen aplikazioa badaukagu?

    Baita probatzearren. Eta oraingoz oso pozik nago aldaketarekin. Spam-a ere oso ondo markatzen du,..

    Gauza berriak aurkitu dizkiot: egutegiak, google calendar-etik egutegiak inportatzeko aukera, abisuak paneletik ikusteko aukerak,… Badakit Thunderbird-ek ere plugin batzuk erabilita kudeatzen dituela egutegiak baina…

Leave a Reply