Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

ATHLETIC

Jo vaig estar allí

Bai, ni ere Bartzelonan izan nintzen Kopako Finalean… eta oraindik ez dut asimilatu han bizitakoa!

Camp Nou Ez didazue sinistuko baina nire lehen finala izan da. Orain arte  nahiago izan dut etxean ikustea, oso urduri jartzen nintzen eta. Baina lasaitu zait tenplea eta aukera izatekotan, joatea erabakita nuen. Eta ala izan da. Txartela eta hotela zerutik erori zitzaizkidan (eskerrik asko Jabi eta famili) eta asteburu pasa abiatu ginen koinatuak, loba eta laurok Bartzelonara.

Ostiral gauean Can Cortadan afaldu genuen lagun batek gomendatuta. Masia izugarri bat Bartzelonaren erdian, baina eraikina eta zerbitzua ez zetozen bat. Janaria ondo zegoen baina detaile batzuk parkaezinak iruditu zitzaizkigun. Agian horregatik Trip Advisorren dituen iritxi hain desberdinak. Ez genuke errepikatuko.

Lotarako Sant Joan Despi-ko Novotel Hotela genuen erreserbatuta. Ondo. Langileak Barsa eta Athletic-eko kamisetekin eta horman Athletic-eko bandera. Dagoeneko motorrak berotzen hasita geunden.  Hoteletik Bartzelonara ordu erdiko tranbia dago.

Larunbat goizean Athletic Hiria topera egongo zela eta erdigunetik ibili ginen, jende gutxiago egongo zelakoan. Oker geunden. Passeig de Gràcia, Ranblak, Alde Zaharra, El Borne, Euskal-Etxea… denak zuri-gorri eta gainera Bartzelonetako jaiak! Saiatu ginen Gorka Knörr abeslari eta politikariak oraintsu zabaldutako Caballa Canalla-n bazkaltzen baina erreserba barik… ezinezkoa. Partida jokatu aurretik lehen puntua gurea zen. Alde batera begiratu eta dena zuri-gorri. Beste aldera begiratu eta berdin. Bartzelona ez zegoen batere girotuta finalerako, guk ipini genuen kolorea.

Ez dakit talde honek zer duen hain erakargarri, azken urteotan ez du ezer irabazten eta. Zaleek badakite gaur-egun oso zaila dela final bat irabaztea eta horregatik izugarria da sei urtetan lau final jokatzea. Baina Athletic ez da futbol talde soila. Sentimentu bat da; ia erlijioa. Famili osoak ikusten ziren: aitite-amamak, gurasoak eta umeak denak batuta. Ezker abertzalekoak eta espaniar unionistak abesti berdinak abesten. Agian Athletic da gizarte hau bertebratu dezakeen instituzio bakarra.

Athletic Hiria Arratsaldean Montjuic aldera abiatu ginen, han zegoen prestatuta Athleticeko jarraitzaileentzat gunea eta. Ezinezkoa; jende andanak antolakuntza gaindituta zeukan. Barsako batzuk ere bertan zeuden, armonia ederrean. Inolako gorabeherarik ez zen gertatu afizioen artean. Dena den Barsako afizioa oso arraroa iruditu zitzaidan; batzuk oso epelak, beste batzuk arrotxuak.

Sei ta erdietarako abiatu ginen zelairantza, denok batera, oso kalejira animatuan. Katalanak aluzinatuta zeuden. Agian dena irabaztera ohituta daude baina sekula ikusi gabeko espektakulua ikusten ari ziren. Bere talde boteretsuaren kontra ia seguru galduko zuen taldeak 70.000 jarraitzaile inguru erakarri zituen; bere taldea galtzen ikusteko prest. Hau ez da normala.

Zelaira sartu bezain pronto dena prest taldea animatzeko; beroketatik hasi eta “referee-ak” partida amaitutzat eman arte. Baita txistua jotzeko ere. Bai, aitortzen dut, ni ere txistularia izan nintzen momentu batez. Hain kutrea izan da txistularion kontra egindako kanpaina, jendea txistu egiteko gogo gehiagorekin joan zela. Katalanak, euskaldunak, Athleticeko Espainiako peñistak, Barsaren jarraitzaile japoniar eta hego-amerikarrak; momentu batez denak  “rojo-separatista”. Ridikuloa benetan.

Partidua azken hiru finaletakoen antzekoa. Oso gainetik dago Barsa gaur egun eta hortik aparte zure jokatzeko estiloa aldatzen baduzu arerioaren arabera ba… galdu egingo duzu. Ez zitzaidan gustatu Valverderen proposamena partida horretarako. Messiren lehen gol antologikoa beste garai bateko Athletic sendo bati ez zion sekula sartuko, baina Leo munduko jokalaririk hoberena da eta horrek ez dauka bueltarik. Hurrengoan izango da.

keenan_web

Hurrengoa izatekotan gainera nire loba zelaian egon beharko da harmailetan egon beharrean. Finalak sentimenduak josteko ere balio dute eta partidaren zehar nire lobaren aurpegia ikustearekin nahiko izan nuen. Bardin da 1-3 edo 0-1. Larunbatean Athletic-ek kate asko lotu zituen, naiz eta partida galdu. Nik ala sentitu nuen.

Agian horregatik oso arraroa egin zitzaizkidan Barsa zaleen aurpegiak partida amaitu ondoren, tabernetan, tranbian edo metroan; hain zurbil zeuden, hain triste. Ematen zuen galdu egin zutela. Batzuk esaten dute ohituta daudela irabaztera eta horregatik  zutela itxura hori. Ez dakit. Gu gurera: partida komentatu, taldea bultzatu, Messi goraipatu, Neymarkeriak gaitzetsi,… Forgesek esan duen moduan: “Anda que si llegamos a ganar…

Leave a Reply