Nire asteroidetik - Desde mi asteroide - De mon astéroïde - From my asteroid

LEKUAK

Plentzia – Butroeko Gaztelua

Askotan joaten gara urruneko herrietara leku berezien bila kontutan izan barik gure etxe ondoan ere toki eta bide zoragarriak aurkitu ditzakegula.

Bide hau kasualitatez aurkitu dugula esan dezaket. Denbora asko zen ez genuela Butroeko Gaztelua bisitatzen eta begenuen gogoa. Bestalde, eguraldi ona lagun, ibiltzeko gogoa ere handia zen. Beraz, Interneten bilaketa egin eta GR-280 ibilbidea aurkitu genuen.

Ibilbide honek Bizkaiko Uribe eskualdea zeharkatzen du 7 etapatan eta 126 km du luzeran. Etapa horietako bat Mungia-Plentzia da eta bide hori oinarri hartuta egin dugu 13-14 Km-ko joan etorriko bide hau.



Plentzian hasi gara ibiltzen, Gandia auzoan. Plentziara heltzeko aukera asko dituzu. Gu kotxean joan ginen baina Metroan ere oso erraz heldu zaitezke abiapuntura. Bide guztia oso ondo markatuta dago seinale zuri-gorriekin.

Gandia auzotik aurrera, Mandañu bidea jarraituko dugu eta bidegurutze batera helduko gara. Seinale batek esango digu Butroerantza joateko eskumara jo beharko dugula. Aldapa bera ibaiaren ondotik jarraituko dugu bidea. Bide zati honetan ur eta basa nahikotxo aurkitu dugu beraz mendiko botak eta makila derrigorrezkoak dira. Ibaiaren ondotik udaberria bor-bor agertzen da inguru guztian.


Udaberria Butroen

Bidea jarraituz baserri batzuk aurkituko ditugu eta mendiko bidea asfaltuzkoa bihurtuko da. Errepide horri jarraituz Butroeko Gaztelu ikusgarrira helduko gara ordu t’erdiko bidea egin eta gero. Gaztelua momentu honetan itxita dago eta ezin da barrutik bisitatu baina kanpotik ikusteak ere merezi du.

Butroeko Gaztelua

Inguruan Butroeko Txozna dago eta bertan zintzurra freskatu eta mokadutxoren bat hartzea posible da.

Atseden pixka bat hartu eta buelta bide beretik egin genuen, guztira hiru orduko ibilaldi erraza eta polita.

Leave a Reply